Hogei bat etxek osatzen dute Aztiria auzoa. Gabiriako udal barrutian daude gehienak, Legazpikoan beste batzuk. Mutiloako muga ere bertan da, ur freskoa darion askaren ondoan. Hirutasun horretan kulunkatuta ospatu ohi dituzte aztiriarrek urteko festak, Santa Marina inguruan. Asteburuan ekitaldi ugari izan dira, Goierriko auzo garaienetakoan.
Hogei bat etxek osatzen dute Aztiria auzoa. Gabiriako udal barrutian daude gehienak, Legazpikoan beste batzuk. Mutiloako muga ere bertan da, ur freskoa darion askaren ondoan. Hirutasun horretan kulunkatuta ospatu ohi dituzte aztiriarrek urteko festak, Santa Marina inguruan. Asteburuan ekitaldi ugari izan dira, Goierriko auzo garaienetakoan.
Auzotarren arteko jaiarekin hasi zen egitaraua, ostiralean —aurrez, bezperan zaindariaren egunean meza izan zen—. Bola eta toka lehiaketetan Josu Elortzak eta Maria Luisa Lizasok irabazi zuten. Auzo afarian 74 lagun izan ziren gero, Aztiri erretegian.
Larunbatean kirolari egin zioten tartea. Goizean helduen eta gazteen arteko norgehiagoka egin zuten, futbolean. Gaintzabal zelaian jardun ziren, baloiari eta —tarteka— aurkariari ostikoka. Arratsaldean, junior mailako Aztiriko 23. Igoera lasterketan, bero sapari aurre egin behar izan zioten 63 txirrindularik. Horietatik 29 bakarrik iritsi ziren helmugara, bidean Gabiria, Atagoiti eta Aztiria bera —bi aldiz— igo ondoren. 70 kilometroko ibilbidean Gabiriari benetako bira egin zioten. Mikel Alonsok (Andoaingo) irabazi zuen proba (2:02:54), Julen Irizarri (Sumofic) segundo bat eta Mikel Irizarri (Fullgas) 19 ateraz.
Igartzabalek laugarren aldiz
Larunbata rock kontzertu jendetsuekin bukatu zen, Guri5 eta Lortu taldeek alaitua. Txerri harrapatzea ere egin zuten, estreinako aldiz. Anartz Agirre-Jon Agirre eta Eñaut Asurabarrena-Iban Maiz bikoteek eraman zuten txerrikume bana saritan, azkarrenak haiek izan zirelako.
Protokolozko eta ohiturazko jardunaldiarekin bukatu ziren festak, igandean. Meza, Gabiriako udalkideen bazkaria eta txistularien baserriz baserriko goiz eresiarekin batera, Aztiriko IX. Mendi Lasterketak bereganatu zituen aurrena begirada guztiak. 27 atleta irten ziren, 11,5 kilometroko mendi krosean. Aztiriko jatorria duen Juanjo Igartzabal Debak irabazi du, laugarren aldiz. Denbora bikaina ondu zuen, 46:45 minuturekin, nahiz eta probaren errekorra puskatu ez. Ohore horrek Ruben Lantz legazpiarraren eskuetan jarraitzen du; igandean bigarren egin zuen (48:35). Hiru txapela ditu Lantzek Aztirian lortuak. Podiuma Jon Azpiazu zumarragarrak osatu zuen (50:45).
Emakumeetan, Rakel Aperribai legazpiarrak ez zuen parekorik izan. 1:04:15 orduan bukatu zuen lasterketa, bigarren txapela janzteko. Idoia Garde (1:13:51) eta Lorea Gardoki (1:32:00) izan ziren bigarren eta hirugarren. Lehen herritarraren saria Cipri Burcio legazpiarrak jaso zuen. Beste zortzi lasterkari ere saritu zituzten, opariak zotz eginda.
Omenaldia Maria Imazi
Jaietako momentu hunkigarria jai eguerdian izan zen. Auzoko adinekoren bat omentzeko ohitura hartu zuen Aztiri-Bat elkarte antolatzaileak duela hiru urte. Etxetxo Behekoa baserriko Maria Imazi egokitu zaio aurten ohorea, «holako gauzak batere» gustatzen ez zaizkion arren. 88 urte bihar beteko ditu. Benta Lehor tabernan jaio da Imaz.
Rakel Aperribai eta Juanjo Igartzabal, irabazleak./Aimar Maiz
Mendi lasterketako saritu guztiak, Aztiri-Bateko lehendakariarekin./Aimar Maiz
Euzkitza eta Katain trikitilariak, igande eguerdia alaitzen./Aimar Maiz
Jokin Matxinandiarenak aurkeztu ditu, aurten ere, jaietako ekitaldi guztiak./Aimar Maiz
Goruntz dantza taldekoak, Aztiriko plazan, beste urtebetez./Aimar Maiz
Maria Imaz andreari omenaldia. Agurra egin zioten bi bilobak, musu ematen./Aimar Maiz
Ohorezko Aurreskua Maria Imaz omenduarentzat./Aimar Maiz
Aztiri-Bat elkarteko Jose Benito Deba (ezkerrean) eta Jose Julian Irizar (eskuinean), omenduari opariak eman ondoren./Aimar Maiz
Festa giroa Aztiria gainean, igandean./Aimar Maiz
Mendi lasterketako korrikalariak irteeran, abiatzeko zain./Aimar Maiz
Juanjo Igartzabal irabazlea (elastiko laranjaz) eta Ruben Lantz, korrika. Bien artean zazpi aldiz irabazi dute proba hori, bederatzi urtean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.