Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa jokatu dute asteburuan, Legazpin. Igor Elortzak lortu zuen puntu kopururik handiena, eta bide batez, finalerdietan zuzenean izateko aukera. Legazpiko Urbeltz pilotalekua jendez bete zen, aurrez saldu baitziren sarrera guztiak. Gotzon Aranburuk, saioaren laburpen bat egin du, han jasotako irudiekin.
Aritz Egea (Urretxu, 1984) laugarren postuan geratu da mundu mailako mendi lasterketen Skyrunning World Series txapelketan. Munduko mendi lasterketetako kirolari onenen artean leku bat egin du urretxuarrak Kilian Jornet, Luis Alberto Hernando eta Alex Nicholsen atzetik. Berriki Limone Sul Gardan (Italia) egindako Limone Extreme lasterketa izan da munduko txapelketako azkena. Bertan saio bikaina egin eta gero, hirugarren postuan amaitu du Egeak.
Azaroaren 5era arte irekita dago Zumarragako VII. Pintxo Lehiaketan izena emateko epea. Lehiaketan parte hartu nahi duten ostalaritza establezimenduek Zelai Arizti kultur etxera jo beharko dute izena emateko; hala tabernak nola jatetxeak. Telefonoz ere izena eman daiteke 943 72 91 54 telefonora deituta, baita e-postaz ere kultura@zumarraga.net helbidera idatzita. Urriko kultur agendan epea urriaren 28an zabalduko dutela iragartzen badute ere, Zumarragako kultur zerbitzutik jakinarazi dutenez epea zabalik dago jada.
Goierri Goierri garaiko mankomunitateak merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina berezia egiten du urtero Zintzo Mintzo eta Zingi Zango euskara elkarteen lankidetzarekin. Lehiaketaren formatua erabili ohi dute. Aurten, lehiaketa azaroan jarriko dute martxan, baina merkatarien partaidetza ezinbestekoa dutenez, Urretxuko, Zumarragako zein Legazpiko merkatariei lehiaketan parte hartzeko orriak dendan jartzeko eskaera luzatu diete.