Zumarragako Udalak Zelai Arizti aparkalekua itxi zuen atzo. Aparkalekuan hezetasun arazoak daude aspaldi, eta horiek konpontzeko beste saiakera bat egingo du udalak. Iragazgaitza egiteko lanek aparkaleku osoari eragingo diotelako itxi dute lur azpiko aparkaleku osoa, bertako garaje itxiak barne. Barruko lanek irauten duten bitartean aparkalekua ezingo da erabili. Udaleko iturrien arabera, «abenduaren 12ra arte». Sortutako eragozpenak barkatzeko eskatu du Zumarragako Udalak.
Bizkaiko Durangaldean orain bi urte Euskarak 365 egun egitasmoa martxan jarri zuen Berbaro euskara elkarteak. Topaguneak Euskal Herriko elkarte guztietara zabaldu nahi izan du aurten egitasmoa abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira. Lazkaoko Gerrikok eta Ordiziako Hitzarok Topagunearen gonbiteari baiezkoa eman diote, eta egitasmoa Goierrira ekarri dute.
Egin berri da Urretxuko udaletxean azaroko osoko bilkura. Gai zerrendan aurreikusita zeuden puntu guztiak onartu ditu udalbatzak. Bilkura lasai joan da, baina erregu eta galderen atalean eztabaida sortu du hondakinen eta errauskailuaren gaiak PSE-EE eta Bilduko ordezkarien artean. Pasa den astean Urretxuko PSE-EE alderdiak Javier Martin ordezkariaren izenean errauskailuaren inguruan publiko egindako prentsa ohar bat izan zen eztabaidaren sorburua.
Zumarragako Beloki Pilota Elkarteak lehenengo aldiz antolatu du binakako Pilota Txapelketa Herrikoia. Txapelketa urtarrilean hasiko da, eta izena emateko epea abenduaren 15era arte irekita egongo da. Txapelketan parte hartzeko esku pilotan federatu gabe egon behar da derrigor. Urretxun edo Zumarragan bizitza egitea ere, txapelketan parte hartzeko baldintzen artean dago. Pilotarien adin tartea 16 urtetik 101 urtera bitartekoa izan beharko du. Izena emateaz batera 20 euro ordaindu beharko dituzte pilotariek bikoteko. Txapelketa pilota «goxuarekin» jokatuko dute.