Zumarragako sozialisten ordezkariek agerraldia egin dute EAJrekin Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban PSE-EEk eta EAJk adostutakoari jarraiki, «Zumarragako sozialistek lortu dituzten» diru laguntzen berri emateko. Mikel Serrano Zumarragako alkatearen arabera, «PSE-EEko kideen ahaleginari esker milioi bat eurotik gorako diru laguntzak lortu ditugu». Sozialistek aurrekontuei egindako zuzenketen bitartez «Gipuzkoarako 11,4 milioi euro lortu» dituztela esan du Serranok, «horietatik %10 inguru Zumarragan inbertitu ahal izango ditugu».
Carlos Gonzalez pediatrak (Zaragoza, 1960) hitzaldia egingo du datorren ostiralean, hilak 13, Igartza jauregian, Beasainen. Ttiklik eta Irriargi elkarteak antolatuta haurren behar afektiboak eta haurren aurreneko garaietako elikadura izango ditu hizpide. Nazioarteko Esnearen Ligako Osasun Aholkularitzako kide da eta 1992tik 100 ikastarotik gora eman ditu osasun alorreko profesionalentzat. Metodo konduktistaren kontra, tartean Eduard Estivill espezialistarena, atxikimenduz haztearen defendatzaile sutsua da.
Santa Lutzi feriaren atariko moduan, Luzio Gabiria zenaren omenezko bertso saioa egin dute asteburuan, Zelai Ariztin. Tradizio handiko jaialdia da Zumarragakoa, aurten 26. edizioa izan baitu. Urtero, puntako bertsolariak ekartzen saiatzen dira, eta aurten ere, laukote dotorea osatu zuten: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Miren Amuriza. Gai jartzaile lanetan, berriz, Gorka Azkarate aritu zen.