Ardixarra etxearen berrirekiera ekitaldia egin dute
Hilabetez barneko lanak egiteko itxita egon ostean, irekita dago berriro Segurako Ardixarra etxea. Ostiralean festak hasterako ireki zituzten eraikineko ateak, eta herritarrak gonbidatu zituzten berrirekiera ekitaldira.
Ardixarra etxearen aurkezpen prentsaurrekoa datorren astean egingo badute ere, herritarrei turismo bulego berria eta eraikina bera erakutsi nahi izan zizkieten. Ardixarra etxeko arduradunekin batera, Eluska Gerriko alkatea, Iosune Arrondo kultur teknikaria, eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria izan ziren bertan. Gerrikok Ardixarrak kanpotik datozen bisitarientzako ez ezik, herritarrentzako “txoko” ere izan behar zuela nabarmendu zuen. Goiturreko zuzendariak, berriz, berririk onena “aurrera jaraitzea bera” dela adierazi zuen.
Ostiralean Ardixarra eraikinera hurbildu ziren herritarrek normalean baino apainduago ikusi zuten; izan ere, Laiotz herri eskolako umeen eta pintura tailerrekoen lanak jarri dituzten ikusgai. Ardixaharra etxea festetan egunero irekita egongo da 12:00etatik 13:00era, gaur izan ezik. Nahi dutenek aukera izango dute, beraz, Ardixaharra etxean egindako aldaketak ikusteko, eta halaber, herritarren eskulanez gozatzeko.