El Salvadorreko emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak aztergai Ordizian

Gipuzkoan emakumeen ahalduntzean, eskubideen sustatzean eta indarkeria ekiditzeko egitasmoen gaineko azterketa ere egingo da Barrenan egingo den mahainguruan

Bakerako Lankidetza Batzarrak El Salvadorren azken hilabeteetan egin duen nazioarteko lankidetzaren baitan, mahaingurua eta dokumental baten emanaldia antolatu dira Ordizian. Hain justu ere, Ordiziako Udalak diruz lagundu duen egitasmoa da, El Salvadorreko Santa Tecla udalerriko emakumeen sexu eta ugalketa oinarrizko zerbitzuen hobetzea lortu asmo duena. Datorren asteazkenean, azaroaren 12an, izango da mahaingurua Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusian, 18:30ean. El Salvadorreko emakumeen egoeraz eta azken urteetan gertatu diren kasu larriez hitz egiteaz gain, solasaldian Gipuzkoan lantzen ari den emakumeen ahalduntze, eskubideen sustatze eta indarkeria ekiditeko egitasmoei errepasoa ere emango zaie. Hiru emakumek hartuko dute parte mahainguruan. Ale batetik, Ana Murcia Garaipen taldeko kidea eta ahalduntze feministan aditua; Anna Rispa, bestetik, El Salvadorren BLBk garatu duen proiektuaren arduratuna; eta Belen Maiza, Ordiziako udaletxean kultura eta ongizate zinegotzia, hirugarrenik. Mahainguruaren ondoren, El Salvador: Sorkundearen lehen unetik dokumentalaren emanaldia izango da, 2013. urtean Maria Cilleros zinegileak zuzendutakoa. Pelikulan abortuaren gainean hitz egiten da, 1998tik El Salvadorren zigortua dagoena. Ertamerikako herrialde honetan klandestinoki abortatu behar izaten duten emakumeen eta zeregin horretan laguntzen dietenen testigantzak jasotzen dira bertan.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa