Transfeminismora salto egin aurretik, feminismoaren erroak ezagutzen

Tere Maldonado militante feministak hitzaldia egin du Urretxun feminismo erradikalaren inguruan, 'Transfeminismoruntz eraldatzen' jardunaldien barruan

Tere Maldonado

Tere Maldonado

Urretxu-Zumarragako Eraldatzen elkarteak Transfeminismoruntz eraldatzen jardunaldiak antolatu ditu asteburu honetan. Izan ere, hamar urte inguruko ibilbidearen ostean, elkartearen norabidea birplanteatzeko unea iritsi dela uste du Eraldatzenek, eta hartuko duten bidea aztertzen ari dira. Hitzaldiak, mahai inguruak eta kontzertua antolatu dituzte. Hala, feminismoa erradikala deritzon korrontearen jatorria azaltzeko hitzaldia egin du gaur goizean Tere Maldonado militante feministak. Urretxuko Santa Barbara aterpetxean izan da hitzaldia, eta hogei emakume inguru bildu dira, koadernoak eskuan, Maldonadoren azalpenak eta hausnarketak entzutera.Euskal Emakumeen Asanbladan militatu zuen Maldonadok, eta orain FeminisTalde izeneko talde txiki batean dihardu, Bilbon. Feminismo erradikalaren esanahia azalduz hasi du hitzaldia Maldonadok. “Erradikala hitza muturreko jarrerekin lotu ohi da, deskalifikatzeko edo, baina hitzaren esanahia aztertzen badugu, erroari dagokiona esan nahi du”. Hala, gaur egungo ikuspuntu feministen erroa aztertzeari ekin dio.
Tere Maldonado: “Ondo dago feminismoaren barruan ikuspuntu edo adar ezberdinak sortzea, baina ez gaitezen adarrekin korapilatu; gure artean gutxiago eztabaidatu eta kanpora begira gehiago borroka egin beharko genuke”.
Maldonadoren hitzetan, feminismoaren adar bat baino ez da feminismo erradikala deritzona. 1960ko hamarkadan sortu zen, AEBetan, eta New York Radical Women izan zen talde aitzindaria. Maldonadok azaldu duenez, testuinguru historiko hartako bi mugimenduren kontrako erantzun modura sortu zen feminismo erradikala: New Left mugimendua eta feminismo liberala. New Left mugimendua ikasleen mugimendu indartsua zen AEBetan, bakearen aldekoa, gerren aurkakoa… garaiko emakumeek, ordea, ez zuten lekurik mugimendu hartan. “Emakumeei ez zieten aurrealdean egoten uzten, eta feministek desilusio handia hartu zuten, arrazoi haien aurka borroka egiteko gogoa baitzuten, baina ez atzealdetik; ez zuten idazkari lanak egitera mugatu  nahi”, esan du Maldonadok. Bestalde, garaiko feminismo liberalaren aurrean ere ez ziren gustura sentitzen. “B. Friedam zen garai hartan feminismo liberalaren aurpegia, baina hark egin zituen adierazpenek kritika gogorrak jaso zituzten”. Friedman ez zen lesbianak lehen lerroan egotearen aldekoa, feministen borroka oztopatuko zutelakoan. “Emakumeak borroka feministatik uxatuko zituztela pentsatzen zuen Friedmanek”. IMG_4836 Testuinguru horretan sortu zen, hortaz, feminismo erradikala AEBetan, New Left mugimenduak eta feminismo liberalak sortutako desilusiotik. Hainbat planteamendu egin zituzten feminista erradikalek. Hauek dira horietako batzuk:
  • Emakumeen subordinazioa ez da kapitalismoaren ondorio bat bakarrik. Kapitalismoa kenduta ere, emakumeen zapalketa ez litzateke desagertuko, hortaz, ez da nahikoa kapitalismoaren aurka egitea. Planteamendu marxistari aurre egin zieten, hortaz.
  • Patriarkatuak bizitzako esparru guztiei eragiten die. Hortaz, eremu pribatua ere politikan eztabaidatu behar zela defendatzen zuten.  Maldonadoren esanetan, feminista erradikalak izan ziren planteamendu hau egiten lehenak.
Gaur egun, feminismoaren barruan hainbat eta hainbat korronte daude. Garaiak aldatzen joan diren heinean, feminismoaren planteamenduak ere aldatzen joan dira. Transfeminismoa da korronte edo adar horietako bat. Maldonadoren esanetan, gaurko ikuspegitik kritikak jasotzen ditu feminismo erradikalak, baina “ezin da ahaztu gaur egungo ikuspegia eta planteamendu asko feminismo erradikalaren planteamenduetatik jaio zirela”.  
Transfeminismoruntz eraldatzen jardunaldien egitaraua:  Gaur:  17:00. Zer da transfeminismoa?. Mahai ingurua. Santa Barbara aterpetxean. Bihar:  11:00-14:00. Ekonomia transfeminista hitzaldia. Santa Barbaran. 17:00-20:00. Sareak eta kaleko ekintzak hitzaldia. Santa Barbaran. 23:00. Furia taldearen kontzertua, Santa Barbaran.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa