Altzagako, Aramako eta Itsasondoko udalen aurka jo du Urkijok, euskaragatik
Udal aktak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari euskaraz bakarrik bidaltzeagatik helegitea sartu die Urkijok. Denera sei udal dira. Uemak postura hartzeko eskatu dio jaurlaritzariEnegarren konfrontazioa ireki du Espainiako Gobernuaren Arabako, Bizkaik...
Udal aktak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari euskaraz bakarrik bidaltzeagatik helegitea sartu die Urkijok. Denera sei udal dira. Uemak postura hartzeko eskatu dio jaurlaritzari
Enegarren konfrontazioa ireki du Espainiako Gobernuaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak udalekin, euskal kutsua duen gai batekin. Oraingoan, udal aktak euskara hutsean bidaltzeagatik helegitea jarri die Gipuzkoako sei udali Carlos Urkijo buru duen ordezkaritzak. Tartean Goierriko hiru udal daude: Altzaga, Arama eta Itsasondo. Aduna, Antzuola eta Bergara dira besteak, denak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kideak.Udalak legez behartuta daude erabaki guneetako aktak, direla osoko bilkurenak edo beste organo ofizialetakoak, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari bidaltzera. Akusatutakoek, Uema-ko kide diren heinean, euskaraz bakarrik bidali izan dituzte.
EAEko Euskararen Legeak komunikazio publikoak bi hizkuntzatan (euskaraz eta gaztelaniaz) egitera behartzen du administrazio publikoa. «Administrazio arteko komunikazioetan, ordea, interpretazio ezberdinak daude. Uema-k uste du euskara hutsean egin daitekeela. Eusko Jaurlaritzak ere babestu izan du», azaldu dio GOIERRIKO HITZAri Uema-ren komunikazio sailak.
Urkijok, hala ere, ez dela legezkoa dio, eta hortik helegiteak.
Gaia atzo arratsean ziren lantzekoa Eusko Jaurlaritzaren Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordean (HAKOBA), Uemak helegiteen berri jaurlaritzari eman eta Patxi Baztarrikak bilera deitu ondoren. Akten hizkuntzari buruzko txostena aurkeztekoak ziren.
Udal txikiak, ezintasunean
Uema-ren iritziz, helegitea jaso duten udalek bi aukera dituzte: atzera egin eta aktak elebitan bidali; edo epaitegietan defendatu beren postura. Udal asko txikiak eta baliabide urrikoak direnez, ordea, bigarren aukera ia ezinezko bihurtzen zaie, Espainiako banderen aferan ikusi zen bezala. «Ez daukate prozesu juridikoei aurre egiteko baliabide ekonomikorik. Azken epaia udalaren aurkakoa balitz, prozesuaren kostuak ordaintzeaz gain, epaia betetzera behartuta legoke udala», gaineratu du Uemak.
Egoera horretan, auziaren muinean murgiltzeko eskatu dio Uemak Eusko Jaurlaritzari. «Euskararen ofizialtasuna aplikatzetik datozen arazoak dira. Jaurlaritzak udal bakoitzak bere defentsa antolatzen utzi du. Uemak uste du jaurlaritzari dagokiola Euskararen Legea eta euskararen ofizialtasuna defendatzea, bere eskumena delako».
Uema-ko udalen jardunari «ahoz eskainitako babesa» praktikara eramateko eskatu dio.













