Almitzako segalariak Europako taldekako txapelketan lehiatuko dira asteburuan
Bi talde osatu ditu Zaldibiako elkarteak, eta Euskal Herria ordezkatuko dute, hiru probatan. Altzo zaldibiarra izango da segalarietako bat. Bi urtean behin jokatzen den taldekako Europako txapelketa Austrian izango da.
Altzo segalari zaldibiarra.Almitza Almitza elkarteak bi talde osatu ditu asteburuan Austriako Moosdorf herrian jokatuko den Europako taldekako Sega Txapelketarako. Segalarien artean Migel Mari Jauregi ‘Altzo’ zaldibiarra izango da.
Taldekako sega txapelketa bi urtean behin jokatzen da. Almitza elkarteko segalariek Euskal Herria ordezkatuko dute, eta Austria, Bavaria, Suitza eta Hego Tiroleko kirolariak izango dituzte aurkari.
Euskal segalarien taldeetako bat Zaldibiako Altzok, Oiartzungo Bixente Mitxelenak, Anoetako Oier Urkolak eta Oiartzungo Manex Olaizek osatu dute, eta gizonezkoen sega handian lehiatuko da. Talde berak gizonezkoen sega txikian ere parte hartuko du. Bigarren taldea mistoa da, eta Hernialdeko Alaitz Imazek, Gazteluko Inge Goikoetxeak, Altsasuko Harri Mitxelenak eta Oiartzungo Jose Luis Olaizek osatu dute; talde honek sega txikian parte hartuko du.













