14.980.000 euroko aurrekontua du Ordiziako Udalak 2015erako
Ostegun iluntzean egindako osoko bilkuran onartu zuten Ordiziako Udaleko datorren urterako aurrekontua, Bilduko ordezkarien aldeko botoekin. Zehazki 14.980.000 euroko aurrekontu orokorra izango dute. Udalaren berezko aurrekontua 13.765.000 eurokoa izan...
Igor Eguren alkatea eta Izaro Intsausti, Belen Maiza, Juan Mari Gereñu eta Iban Asenjo zinegotziak prentsaurrera atera ziren biharamunean aurrekontuaren xehetasunak azaltzeko. «Gustura gaude, iaz bezala,aurten ere aurrekontua abenduan onartu delako, eta gustura gaude Ordizia Zabalik prozesuaren bidez herritarrek egindako hainbat eta hainbat ekarpen txertatu direlako»,azaldu zuen Igor Egurenek agerraldian. Alkateak nabarmendu zuenez, lau ardatz nagusi izango ditu aurrekontuak: enplegua, irisgarritasuna, ingurumena, mugikortasuna eta politika sozialak.
Datozen urteetan jarraitu beharreko bide-orria finkatuta geratu da Ordizia Zabalik prozesuaren bidez: «Jasotako 400 ekarpen baino gehiagorekin 45 proiektu lehenetsi ditugu, eta 45 horietatik hainbat 2015ean egingo dira».
Mantenua, garbitasuna, biziberritzea… auzoetan beharrak asetzeko lehen urratsak ere emanda ditu dagoeneko udal gobernuak.
Iaz Bilduk eta EAJk izandako negoziazioaren ondoren jeltzaleen bederatzi proposamen aurrekontuan txertatu zituen udal gobernuak, eta horietatik sei gauzatu dituzte eta beste bi martxan daude. 2015eko aurrekonturako, ordea, EAJk proposatutako proiektuen erdiak eginda daudela esan zuen Egurenek: «Aurten 12 proposamen egin dizkigute, inolako zehaztapenik gabe, eta esan behar da horietatik erdiak eginak daudela dagoeneko».













