«Sentikortasun sozial eza» egotzi die EH Bilduk udal aurrekontuei
Bilduk ezezko borobila eman die 2015eko Zumarragako aurrekontuei. «Agortutako gobernu talde baten aurrekontuak» direla diote. Gabeziak nabarmendu dituzteAurreko osteguneko osoko bilkuran 2015eko udal aurrekontuak onartu berri dituzte Zumarragan, PSE-...
Bilduk ezezko borobila eman die 2015eko Zumarragako aurrekontuei. «Agortutako gobernu talde baten aurrekontuak» direla diote. Gabeziak nabarmendu dituzte
Aurreko osteguneko osoko bilkuran 2015eko udal aurrekontuak onartu berri dituzte Zumarragan, PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da eta Bilduk ezezkoa eman dio aurrekontu proiektuari. Ezezko horren arrazoiak azaldu ditu koalizio abertzaleak, besteak beste: sentikortasun sozial eza dariela, agortutako gobernu baten azken aurrekontuak direla, Zumarragako jarduera ekonomikoa sustatzeko aurrera begirako gabezia nabarmena dutela, parte hartze eza eta proposamenak onartzeko borondaterik gabekoak direla.Sentikortasun sozial eza sumatu dute EH Bildukoek sozialisten udal aurrekontu proiektuan: «Gastuetan eta inbertsioetan handitu dituzten diru kopuru gehienak ez daude zuzenduta okerren pasatzen ari diren familiei; ahulenei, alegia». Areago, «agintaldi osoan ezarri dituzten murrizketak sendotu» dituztela diote. Adibide bat ere eman dute EH Bildukoek: «Pobreziari bideratutako laguntzetan izandako murrizketak edo lankidetzarako laguntzak %0,7tik oso urrun daude».
Alkatearen «handinahia»
Koalizio abertzaleko kideek «agortutako» udal gobernutzat dute sozialistek osatu dutena maiatzean amaituko den agintaldian. Gobernuko kide ez izan arren, PPko zinegotzi Begoña Pereiraren botoak eman die bozketa gehienetan gehiengo osoa sozialistei.
EH Bilduren ustez, «2015eko kontu proposamenean ez dago ideiarik, ezta egitasmo interesgarririk ere, eta dagoen guztia pertsonalismoz zein aspaldi ikusi gabeko lidergokeriaz mozorrotu nahi izan dute». Mikel Serrano alkateari zuzeneko kritika egin diote: «Alkatearen harrokeria eta handinahia argi geratu da, zumarragarren arazoez baino, bere irudiaz eta lidergo hutsalaz kezkatzen baita».
Zumarragako jarduera ekonomiari dagokionez, udal aurrekontu proiektua «eskasa» dela diote. Ez dute proposamen bakarra aurkitu, «zeina krisiaren ondorioak gainditzen lagunduko duen eta, Zumarraga oso atzean geratzen ari da».
Zumarragarren parte hartzeari ere erreparatu diote EH Bildukoek, aurrekontuak «gardentasunik gabe eta informaziorik gabe» egin dituztela diote: «Batzordeak lanketarako guneak izan beharrean izapide huts bihurtu dira eta alkateak egindako hutsa konpondu nahi du amaierarik gabeko udal batzarraren bidez». Aurrekontuen udal batzarrak ia bost orduz iraun zuen.
EH Bilduren proposamenak
Oposizioarekin lan egiteko «borondate eza» ere agerikoa da EH Bilduren ustez, «guk aurkeztutako 36 zuzenketa eta ekimen zehatzetatik bat ere ez dute onartu». Gizarte zerbitzuak indartzea, enplegua eta garapen lokala sustatzea eta ingurumenaren defentsa izan dira EH Bilduren lehentasunak bere proposamenak egiterakoan.
Koalizioko kideen aburuz, elkarlana da giltza: «Ez dugu gure arazoak konpontzera etorriko den mesias edo liderrik espero ezta nahi; elkarlana, sarea ehuntzea eta auzolana dira gure errezeta bakarrak». Zumarraga berri bat eraikitzeko bidean, «ezarritako eredu bertikal eta unipertsonalarekin» amaitu behar dela diote. Hain zuzen, «herriari bizia emanaz».













