Mila Ioldi presoa aske geratu da, hiru urtean izan duen eskumuturrekoa atzo utzi ondoren
Mila Ioldi preso ataundarrak atzo berreskuratu zuen erabateko askatasuna, 14 urteko espetxealdiaren ondoren. Langraitzeko kartzelatik (Araba) 2011ko irailean utzi zioten irteten, baina harrezkero eskumuturreko telematiko batekin kontrolatuta eta etxeko...
Osasun arazoengatik utzi zuen espetxea, orain hiru urte. Baina etxeko presoaldia ere «gogorra eta luzea» egin zaiola aitortu zuen atzo, Martuteneko kartzelaren aurrean. Etxean bai, baina preso jarraitu du orain arte. Etxetik kanpora irteteko baimena 09:00etatik 14:00etara bakarrik zeukan, eta beti Gipuzkoan, haren eremutik irten gabe. Eskumuturreko telematikoa soinean erababili behar izan du hiru urtean, «eta momentu guztietan kondena gogorarazten zidan», zioen Ioldik, atzo.
Lagun eta senide batzuk babesa ematera joan ziren, atzo, preso ohi ataundarrarekin eta senitartekoekin. Martuteneko espetxera goizean joan zen Ioldi, anaiak lagunduta. Kontrol sistema kendu, eta «fuera» esanez irten zen, zain zituenen txalo artean.
Etxeko atxiloaldiaren eta kartzelako 11 urteko presoaldiaren aurretik, Mexikon egon zen Mila Ioldi. 1996an ihes egin zuen, eta Mexikoko Gobernuak 2001ean Espainiara estraditatu zuen. Berari eta Joseba Ramada bikotekideari zortzina urteko bi zigor jarri zizkieten, Cosme Delclaux eta Jose Maria Aldaia enpresarien bahiketagatik.
Osasun arazoengatik, 2011ko irailaren 27an irten zen Langraitzetik. Zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren eta gaixotasun larria edukiagatik, ez zuten askatu, eta kontrolpean eta baldintzapean etxean osatu du zigor osoa.













