Lazkaon Astotxo eguna ospatuko dute jaian, antzerki eta lehiaketa
Enkarterri astoaren Gipuzkoako txapelketa eta kalifikazioa izango dira. Astoak garai batean zer lan egiten zituen irudikatuko dute. Kale antzezpenean 150 herritar partaideErrege ondorengo lehenengo igandean 1652tik ohitura den bezala, Lazkaon Astotxo e...
Enkarterri astoaren Gipuzkoako txapelketa eta kalifikazioa izango dira. Astoak garai batean zer lan egiten zituen irudikatuko dute. Kale antzezpenean 150 herritar partaide
Errege ondorengo lehenengo igandean 1652tik ohitura den bezala, Lazkaon Astotxo eguna ospatuko dute, jai honetan. Goizetik eguerdira arteko festa antolatu dute udalak eta herriko elkarteek. Ohiko osagaiak izango ditu: enkarterri astoen erakusketa, kalifikazio ofiziala eta lehiaketa; eta Egiptorako ihesa kale antzezpena. Erlijioaren aztarna ere mantenduko du. Zistertarren komentuko elizan Egiptoko ihesa pasarte biblikoaren figurak erakutsiko dituzte, eta egunaren ezaugarri diren obleak salduko dituzte.Goiza enkarterri astoaren inguruko ekitaldiek hartuko dute. Antsoategi elkarteak antolatuta, asto dianarekin egingo dute deia, herrian barrena asto, astozale eta txistulariekin desfilea eginez. «Astoak 07:00ak aldera hasiko dira ekartzen, eta plazan lotuko ditugu», azaldu du Egoitz Bergara antolatzaileak.
Astoak ‘jantzita’ aurten
Desfilearen ondoren, kalifikazio ofiziala egingo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek eta Giasel astozale elkartekoek ebatziko dute aurkeztutako asto gazteei euskal arraza autoktonokoa dela frogatzen duen txartela eman ala ez. «Enkarterri arrazaoak diren erabakitzen dute epaileek, eta haien ezaugarriak edo baldintzak betetzen dituzten frogatzen dute. Balio ofiziala du kalifikazioak», dio Bergarak.
Jarraian, lehendik enkarterri arrazaren ziurtagiria duten abereek eta egunean lortzen dutenek, Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute. Ar eta eme onenak aukeratuko dituzte, eta 300na euro eta zintzarri bana jasoko dute saritzat.
Aurtengo berritasuna lanketa etnografiko batek ekarriko du. Antsoategi elkarteak astoak «jantzi» egingo ditu. Alegia, garai batean zer lan eta nola egiten zuten erakusteko, beharrezko tresnak, uhalak eta gailuak jarriko dizkiete astoei. Materiala biltzen ari dira aste honetan, gurdi, karro, lepoko eta gainerakoak.
Kale antzezpena
Ospakizuna borobiltzeko, astoaren inguruan antolatzen den Egiptorako ihesa antzezpena egingo dute 150 bat lazkaotarrek, Zelaian. Jesus haurraren jaiotza, Herodesen jazarpena eta ondorengo ihesa irudikatuko dute.
Aurrez, duela urte batzuk hasitako ohituran, haurrek desfilea ere egingo dute, 12:30ean.













