Ormazabal eta Otegi Euskaltel-Euskadiren lehen taldera
Kepa Ormazabal gabiriarra eta Ander Otegi zegamarra Euskaltel-Euskadiko lehen taldean arituko dira denboraldi amaiera arte.
Kepa Ormazabal Valladolideko Klasikoko helmugan besoak jasotzen. Sprint Cycling Euskaltel-Euskadik Kepa Ormazabal gabiriarra eta Ander Otegi zegamarra harrobiko BBK-Euskadi taldetik lehen taldera igo ditu. Bi txirrindulari gazteak abuztuaren 1etik denboraldi amaierara arte arituko dira Euskaltel-Euskadirekin lehiatzen. Ormazabal eta Otegi stagiere [ikasle] moduan arituko dira lehen taldean. Bin ala biek dute aurtengo denboraldia bigarrena BBK-Euskadi taldean, orain, denboraldi amaierara arte elastiko laranja jantziko dute.
Zegamarrak egingo du debuta lehenengo Poitou-Charentes Tourrean (Frantzia) abuztuaren 25etik 28ra. Gabiriarrak egun batzuk beranduago, irailaren 2tik 6ra ZLM Tourrean (Herbehereak).
Emaitza onak
Mikel Gaztañaga BBK-Euskadi taldeko kirol zuzendariak bi txirrindulariek azken urtean heuren mailari dagokionez “jauzia” eman dutela adierazi du. Lortu dituzten emaitzetan “mendi ertaina gainditzen” eta “lauan min egiten” dakitela erakutsi dutela azaldu du kirol zuzendariak: “Ormazabalek Valladolideko Klasikoa irabazi eta Isardeko etapan hirugarren egin zuen. Otegi, berriz, Gipuzkoako eta Euskadiko erlojupeko txapeldun eta zazpigarren Espainiako Txapelketan”.
Gaztañagak gaur egungo txirrindularitza profesionalean Ormazabalen eta Otegiren profilak “erakargarriak” direla adierazi du: “Igotzailearen ohiko profiletik haratago, ordekan eta ibilbide aldapatsuetan indartsuak diren txirrindulariak dira”. Gaineratu du lortu dutena eman duten aurrerapausoaren saria dela.

Ander Otegi Gipuzkoako eta Euskadiko erlojupeko txapelduna.Euskadi Fundazioa













