Goierritarren hiru abokatu atxilotuta, etxera berriz
Ezker abertzaleko egiturak berrantolatzea eta ETAri laguntzea egotzita 35 euskal herritarren kontrako 04/08 sumarioko epaiketa atzo zen hastekoa Madrilen, Auzitegi Nazionalean; baina deklaratzera deitutakoen abokatuak Xake operazioan atxilotuta, bertan...
Madrilen deklaratzera deituta daudenen artean bost goierritar daude: Peio Galvez urretxuarra, Karmele Aierbe ataundarra, Asier Imaz beasaindarra, Egoitz Apaolaza segurarra eta Eusebio Lasa beasaindarra. Atzo atxilotutako abokatuen artean daude Imazen, Apaolazaren eta Lasaren abokatuak.
Hiru goierritarrak eta abokaturik gabe geratu diren beste 16 auzipetu banan bana sartu ziren atzo goizean epaiketa aretoan. Beste abokatu bat edo beraienaren egoera argitu arte itxarongo duten galdetuta, konfiantzazko abokatuaren zain gelditzea erabaki dute 19 kideek.
Horren harira, eta auzipetuek hala eskatuta, atzoko saioa bertan behera uzteko erabakia hartu zuen epaimahaiak, eta beste data bat noiz jarriko duten zain daude orain.
Deklaratu ezinda, Madrildik etxerako bidea hartu zuten atzo bertan bost goierritarrek.
Herritarren babesa
Atzo bertan ugari izan ziren atxilotuei eta auzipetuei adierazitako babesa eskualdean hainbat herritan egin zituzten elkarretaratzeak, baina Sortuk gaurko egin du deialdia. Hala, atzoko elkarretaratzeei gaur iluntzean egingo dituztenak gehitu behar zaizkie.













