Asteburu honetan Il Circo Italiano zirkua Urretxuko Irimo lantegiaren atzealdean egon da. Zirkuaren berezko magiaren, elurraren eta paraje bereziaren eskutik, ikusleak fantasiazko mundu batean murgildu dira.
Asteburu honetan Il Circo Italiano zirkua Urretxun egon da. Zirkuarena magiaz eta fantasiaz betetako mundua dela esaten da eta oraingo honetan behintzat hala izan da. Izan ere, zirku honen maila onari, elurra eta kokapen berezi bat gehitu zaizkio.
Karpa Irimo enpresaren atzealdean muntatu zuten. Errepide bazterrak elurtuta zeuden eta bertan aparkatzeko arazoak izango zituzten beldur, familia asko oinez joan ziren ostiral arratsaldeko ikuskizunera.
Lantegi zaharrak, gau iluna, elurra… eta haurrak errepide bazterrean. Ez ohiko irudia. Bat-batean, argia eremu mortuan: zirkuko langileek Irimo aurrealdea argiz apaindu zuten Urretxu-Legazpi errepideko gidariek han zeudela jakin zezaten.
Karpa Irimoko bulegoen eta azken pabiloiaren artean dagoen pasabidearen amaieran zegoen eta pasabidearen sarreran lantegi zaharrek eta zirkukoen apaingarri argitsuek sekulako kontrastea sortzen zuten. Han barruan zer edo zer berezia zegoela nabaria zen.
Pasabidean berriro iluntasuna nagusi zen. Toki beldurgarria ezbairik gabe. Baina bihurgunea igaro eta, bat-batean, urrunean, argia berriro: Super Circus jartzen zuen kartel argidun handia eta atzean karpa. Guraso askok Roald Dahl edo Michael Ende idazleen liburu batean edo Tim Burton zinema zuzendariaren pelikula batean sartzen ari zirela sentitu zuten.
Kartelaren azpian leihatila eta sarrera zeuden. Ikusleek frak gorria soinean zeraman gizon bat zain zuten, ongi etorria emateko. Karpa apur bat gorago zegoen, basoaren erdian. Bidea elurrak estalita zegoen. Beltzak zerua eta basoa, zuriak bidea eta karpa. Distira egiten zuten, gainera, fokuei esker.
Karparen sarreran, frak gorriz jantzitako lau lagun, familiei ongi etorria emateko eta non eseri behar ziren esateko. 19:00etan puntuan hasi zen ikuskizuna. Pistara irteten lehenak Aragon familia ospetsuko pailazoak izan ziren. Ondoren, kontortsionistak, malabaristak, trapezistak, pailazo gehiago…
Haurrak zein helduak
Haurrek, eta helduek, primeran pasa zuten. Il Circo Italianoko langileentzat ere asteburu berezia izan da, ez baitaude ohituta elurpean eta Irimokoa bezalako industria eremu historikoetan lan egitera ohituta. «Oso pozik gaude. Sari bat eman behar zaie, bai muntatzaileei eta bai gurasoei.
Muntatzaileei elur asko zegoen toki batean karpa muntatzea lortu zutelako eta gurasoei, hotz handia egin duen arren, haurrak zirkura ekarri dituztelako. Elurrak lana zaildu du, baina apaingarri aparta izan da: ipuin batean geundela zirudien», esan du Sonia Miranda arduradunak.
Beasain, toki berezia
Gainera, pasadizo bat ere izan dute. «Haur bat Capitanoz mozorrotuta etorri zen. Capitano gure pailazoetako bat da. Ilusio handia egin zigun». Goierrira oso gustura etortzen direla dio. «Goierrin jende asko etortzen da gure ikuskizuna ikustera eta, gainera, Luccana nonna (amona) Beasainen hil zen. Beasain oso berezia da guretzat».
Zirku hau Claudio Rossik sortu zuen Palermon (Italia), baina egun Herrialde Katalanetan du egoitza. 80 lagun baino gehiagok lan egiten dute: muntatzaileak, argi eta soinu teknikariak, publizistak, agente komertzialak, kamioi gidariak, garbitzaileak, ingeniaria… eta artistak, noski.
Aste honetan Azpeitian egongo dira, epaitegiko aparkalekuan. Osteguneko eta ostiraleko funtzioak 19:00etan izango dira. Larunbatean bi saio egongo dira: 16:15ean eta 18:45ean, hain zuzen ere. Azpeitian ere lan bikaina egingo dute, baina ez dute Irimoren, basoaren eta elurraren laguntza izango.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.