Irabazi taldea sortu eta hauteskundeei begira jarri da Ordizian
Ezker mugimenduak batzeko helburuarekin eratu dute Ordizian Irabazi-Ganemos plataforma berria. Sigla edo gizarte eragileetatik harago, gizarte eraldaketarako prestutasuna dutenak biltzen dituen plataforma da sustatzaileen esanetan.Udal hauteskundeetati...
Udal hauteskundeetatik gertu, datozen urteetarako programa osatzea da Ordiziako Irabazik aurrean duen lehen erronka. Irabazikoen ustez Ordizian gizarte politika hobea egin daiteke; «azken urteetan baino gardenagoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa». Bide horretan, nahi duten guztiek parte hartzeko prozesua abiatu dute.
Hautagaitzak aldentzea baino batzea da Irabazikoen asmoa. Horregatik, «boteretsuen ondoan beharrean, gehiengo sozialarekin kokatzen diren» indar politikoei dei berezia egin diete. Zehazki Podemosi egin diote keinua, programa politikoa eta hautagaitza bateratua osatzeko. «Ziur gaude elkarrekin emaitza historikoak lor ditzakegula».
Ezkerreko gainontzeko mugimenduei ere bidali diete mezua, talde zehatzik aipatu gabe, elkarlanerako prest daudela adierazteko. Irabazik ordiziarrak gonbidatu ditu indarrak batzera «demokrazian, parte-hartzean, feminismoan, eta gardentasunean oinarritutako politika indartzeko, etxegabetzeak egiten dituztenen, esplotatzen dutenen eta eskubideak lapurtzen dituztenen aurka».













