Adostasuna nagusi Legazpiko otsaileko osoko bilkuran
Asteazkenean Herrigintza sozietatearen bilera eta osoko bilkura egin zuten Legazpiko udal korporazioko kideek eta puntu guztiak aho batez onartu zituzten.Herrigintzari dagokionez, elkartearen urteko kontuak, balantzea, etekin eta galeren kontua eta 201...
Herrigintzari dagokionez, elkartearen urteko kontuak, balantzea, etekin eta galeren kontua eta 2014ko urteko emaitzak onartu zituzten.
Ondoren, osoko bilkura egin zuten. Hasteko, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia egitasmoari atxikitzea onartu zuten. Proiektu honen helburua adinekoen bizitza kalitatea bermatzea da.
Bi mozio ere onartu zituzten. Pobrezia energetikoaren ingurukoa PSE-EE alderdiak aurkeztu zuen eta bake-epaitegien ingurukoa Bilduk, bake-epaitegiko langileek eskatuta.
Bi mozioak aho batez onartu zituzten, baina pobrezia energetikoaren ingurukoak alderdien arteko ika-mika piztu zuen. Bilduk eta EAJk mozioa hauteskundeei begira aurkeztu izana leporatu zieten sozialistei. Bestalde, Bilduk arazoaren muinera jo behar dela esan zuen: azken urteotan energiaren prezioa %60 igo dela, erosteko ahalmena jaitsi egin dela eta politikari asko politikatik energia-enpresetara pasatzen direla.
Bake-epaitegien gaiari dagokionez, PP alderdiak zerbitzua pribatizatu nahi duela eta 3.000 lanpostu jokoan daudela gogoratu zuten.













