Laburbira film zirkuitua Ordizian abiatuko da bihar
Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira film laburren zirkuituaren hamabigarren edizioa jarriko du martxan gaur. Herriz herriko euskaltzaleen elkarteekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako kultura saileko zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien babesarekin antolatutako egitasmoa da.
Euskarazko ikus-entzunezko produkzioa ezagutarazi eta herritako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua da. Aurtengoa gaur hasiko da Ordizian. Iluntzeko 20:30ean izango da emanaldia Herri Antzokian. Martxoaren 28 arte 27 herritan izango da.
Saio bakoitzean zortzi ikus-entzunezko labur eskainiko dira, 2013an eta 2014an sortutakoak. Ordu eta laurden inguruko emanaldietan sormena, dokumentala, fizkioa zein animazioa uztertzen dituzten ikus-entzunezkoak izango dira. Lan gehienak Durangoko Azokako Irudienea gunean izan ziren pasa den abenduan.
Zuzendariei dagokionez, “ibilbide luzeko egileen eta sortzaile berrien lanak ezagutarazteko” ahalegina egin du Laburbirak. Ondorengoak dira proiektatuko diren filmak: Hubert le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz); Ein land (Igore Arreitunandia Berridi); Aitona mantangorria (Kepa Errasti); Zela Trovke (Asier Altuna); Arconada (Asier Urbieta); Don Miguel (Kote Camacho); Zaunk! (Ixone Aroma, Aritz Lasarguren eta Asier Vera); eta Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi).