Martxoan Bertsoa txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko dute, eta barrikotea ere egingo dute trikitilariek girotuta.
2013ko kanporaketa Igartubeitin. Gabirisprint 2 taldea kantuan.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian Martxoan Bertsoa txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko dute larunbatean, 18:30ean, eta
bertsoak entzun ondoren barrikotea egingo dute. Sagardoa edateko aukera izango da, eta mokadutxoa ere egingo dute. Urrian egindako sagar zukutik sortutako sagardoa dastatuko dute larunbateko barrikotean. Horrez gain, trikitilariek alaituko dute giroa.
Martxoan Bertsoa txapelketa ostiralean hasiko da Urretxun, Fox tabernan, 23:00etan. Igartubeitikoa bigarren saioa izango da, eta hiru taldek parte hartuko dute: Potato (Felipe Zelaieta, Alberto Martinez eta Rikardo Gonzalez Durana), Gabiri X (Mikel Asurabarrena, Endika Igartzabal eta Jon Iturriotz) eta Lekaixoka (Aitor Lizarazu, Beñat Zamalloa eta Martin Berrizbeitia).
Bertso saioa amaitutakoan, 20:00ak aldera, barrikoteari hasiera emango diote Santa Lutzi People taldeko kideek.
Iaz Beldur Barik lehiaketan Urola Garaiko bigarren saria lortu zuten, eta horregatik izango dira barrikotea irekitzearen arduradunak. Garazi Narraspe, Alaitz Arratibel, Miren Arratibel, Ane Izagirre, Mikel Idiakez eta Paulo Albisua herritarrek osatzen dute taldea.
Autobusa Zumarragatik. Zumarragatik Igartubeitira joateko autobusa egongo da larunbatean. Elizkaletik aterako da autobusa, 18:00etan, eta barrikotea amaitutakoan egingo du buelta. Martxoan Bertsoa txapelketako hurrengo kanporaketa martxoaren 13an izango da, Urretxuko Motz tabernan. Hiru kanporaketetan sailkatzen diren taldeek, berriz, Gaztelekun jokatuko dute finala, martxoaren 27an.