Osinberde bertso sariketa larunbatean jokatuko da Zaldibian, sei bertsolari gazterekin

Gabiriako Osinalderako lehen proba baliagarria da; bi bertsolari sailkatuko dira

Bertsolari gazteen lehiaketa entzutetsuenetakoa den sariketa-sorta hastera doa. Zaldibian larunbatean jokatuko da III. Osinberde Saria, sei bertsolarirekin. Ondoren, Argi-Berri Saria (Ordizian, martxoaren 21ean) eta Aztiri Saria (Aztiria auzoan, Gabiria, martxoaren 28an) etorriko dira. Bakoitzetik sailkatuko diren bina bertsolariek, azkenik, apirilaren 11n Gabirian kantatuko dute, Osinalde Sarian. Zaldibiako bertso saioa Osinberde elkartean izango da. Gainontzeko sariketetan bezala, ohitura denez, lehenengo afaria izango da. Txartelak Joxepane ostatuan daude salgai (25 euro). Gehienez 60 lagunentzat afari-tokia izango da. Oraindik txartel batzuk salgai badirela jakinarazi dute, eta lehenbailehen erosteko. Ondoren hasiko da bertso saioa, Joxi Irastortzak aurkeztuta. Saiora edonor sar liteke, doan, entzutera.
Osinberde sariketa, 2014an, Zaldibian./Eneritz Gorrotxategi

Osinberde sariketa, 2014an, Zaldibian./Eneritz Gorrotxategi

Sei bertsolari hauek ariko dira kantuan: Malen Amenabar larrabetzuarra (iaz II. Osinberde Saria irabazi zuen), Maider Arregi oñatiarra, Xabi Igoa aramaioarra, Mikel Lasarte barañaindarra, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Amaia Elizagoien mugairiarra. Zaldibian ez da Osinberde izango bertsolaritzarekin loturiko asteburuko ekitaldi bakarra. Bihar, ostirala, Bi Bala taldeak bertso musikatuen kontzertua egingo du, 22:30ean, Herri Antzokian. Aitzol Barandiaran eta Xabier Etxeberria ataundarrak, Iñaki Gurrutxaga eta Julen Goikoetxea dira musikari-bertsolariak.   BERTSOLARI GAZTEEN SARIKETAK Osinberde saria
  • Zaldibian, larunbatean (martxoak 14), Osinberde elkartean.
  • Bertsolariak: Malen Amenabar (Larrabetzu), Maider Arregi (Oñati), Xabi Igoa (Aramaio), Mikel Lasarte (Barañain), Eneritz Artetxe (Azkoitia) eta Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugairi).
Argi-Berri saria
  • Ordizian, martxoaren 21ean, Argi-Berri elkartean.
  • Bertsolariak: Gemma Urteaga (Beasain), Jokin Bergara (Eibar), Unai Mendizabal (Zizurkil), Maialen Akizu (Urretxu), Oihana Iguaran (Villabona) eta Ortzi Murua (Azkaine).
  Aztiri saria
  • Aztiria auzoan (Gabiria), martxoaren 28an, Aztiri-Bat elkartean.
  • Bertsolariak. Aitzol Iturbe (Antzuola), Mikel Iturriotz (Urretxu), Txaber Ormazabal (Arrigorriaga), Maddi Sarasua (Itsasu), Eñaut Martikorena (Hernani) eta Aratz Igartzabal (Gabiria).
Osinalde saria
  • Gabirian, apirilaren 11n, Osinalde elkartea.
  • Bertsolariak. Osinberde, Argi-Berri eta Aztiri sariketetatik sailkatutako bina bertsolari.
*Sariketa guztietan, afaria 20:30ean da, eta saioa gero.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa