Azkar eta ondo egin du debuta Iker Irribarriak
Iker Irribarria aramarrak igandean egin zuen debuta pilotari profesional gisa, Eibarren. Irabaziz hasi du ibilia, gainera. Hemezortzi urte ditu. Korrikaren aldeko afarian ospatu du hasiera, herrian bertan.Asteburu normal bat izan balu bezala, 18 urteko...
Iker Irribarria aramarrak igandean egin zuen debuta pilotari profesional gisa, Eibarren. Irabaziz hasi du ibilia, gainera. Hemezortzi urte ditu. Korrikaren aldeko afarian ospatu du hasiera, herrian bertan.
Asteburu normal bat izan balu bezala, 18 urteko edozein gazte bezala bere lantxoetara itzuli zen Iker Irribarria, astelehenean. Ingeniaritza klaseak hartu Donostian, goizean 13:30a arte. Bazkaldu, eta lauretarako entrenamendura. Baina ez zuen asteburu arrunta izan. Pilotari profesional debuta egin zuen, igandean, Eibarko Astelenan. Eliteko kirolari izateko gailurrera iritsi da. Aspe enpresarekin hiru urterako du kontratua.Aurrez «esperotako sentsazioak» etorri zitzaizkion, pilotaren katedrale deitzen dioten kantxan. «Egia esan nahiko urduri nengoen. Goiza normal joan zen, baina barruan nituen tentsioa eta nerbioak. Aldagelan, beste pilotariekin kontuak esanez, asko lasaitu nintzen. Baina frontoira irten eta lagunak, jarraitzaileak han ikusitakoan, berriro urduritu nintzen», zioen atzo, bazkal garaian.
Bi autobuskada lagun, senitarteko eta herrikide joan zitzaizkion Irribarriari Eibarrera, debutean animatzera. Bat Aramatik, bestea Ordiziatik. «Ez nuen pentsatzen hainbeste jende joango zenik. Eskertzekoa da».
Pilotaren azkartasuna
Irribarriak Miguel Merino errioxarra izan zuen atzean lagun. Jaunarena-Urruzola aurkari. Berak ere jatorri errioxarra badu, Napoleon Irribarria aitona Alberitekoa (Errioxa) zen. Eta pilotazalea. 21 eta 22 irabazi zuten Irribarria debutariak eta Merinok. Adituen iritziz, beste dohainen erakustaldi bat egin zuen aramarrak. Ezker jo bortitza, bi besoak balekoak, eta jokoa iraultzeko gaitasuna (1-7 aurreratu ziren, 19-15 atzetik egon, eta bere ezkerkada batekin iritsi ziren 22ra).
Profesionaletako lehen saioan, jokoaren azkartasunak eman dio arreta. «Azkar jokatzen da. Denbora gutxiago duzu edozertarako. Besteek askoz hobeto defendatzen dute, eta lan askoz gehiago egin behar da».
Ikusmin handia piztu du Irribarriaren debutak. «Ez nuen pentsatzen halakorik». Eta lanik ez zaio faltako. Igandean Donostiako Atano III.ean jokatuko du hurrena, Binakako Txapelketaren aurreko partidan; lehengoan bezala, jaialdia irekitzeko. «Nik uste, nerbio aldetik-eta, hobetoxeago izango dela».
Korrika bukatu du eguna
Astelenan debutatu, partida irabazi, eta Araman ospatu zuen data seinalatua. «Araman Korrikaren aldeko afaria zegoen, eta han afaldu genuen. Gero korrika pixka bat ere egin genuen». Lekukoa berak eraman zuen, Arama parean.
Ingurukoek «lasaitasuna» aholkatu diote Irribarriari. Pilotako ibilia, baina, abiadura bizian hasi du. Erritmoa hartu bezain pronto, geroa berea du.













