Batzar Nagusiei begira
Oria hautes barrutian sei alderdik aurkeztu dute hautagaitza Batzar Nagusietako bozetarako. Irabazik eta Podemosek lehenengo aldiz aurkeztu dute hautagaitza aurtengoanUdaletako ordezkariez gain, Batzar Nagusietako ordezkariak ere aukeratuko dituzte gip...
Oria hautes barrutian sei alderdik aurkeztu dute hautagaitza Batzar Nagusietako bozetarako. Irabazik eta Podemosek lehenengo aldiz aurkeztu dute hautagaitza aurtengoan
Udaletako ordezkariez gain, Batzar Nagusietako ordezkariak ere aukeratuko dituzte gipuzkoarrek datozen maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Gipuzkoan 51 batzarkide aukeratuko dira, lau barrutitan banatuta. Oria barrutikoak izango dira batzarkide horietatik bederatzi. Goierriko 22 herriek eta Tolosaldekoek osatzen dute Oria barrutia, eta gaur egun Bilduko bost batzarkide, EAJko hiru eta PSE-EEko bat ditu.Oria barrutian sei alderdik aurkeztu dute hautagaitza: EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk, PPk, Irabazik eta Podemosek. Aurtengo argazkia desberdina da 2011koarekin alderatuta. Ordukoan Bilduk jaso zituen boto gehien Goierrin, 13.440. Aralarrek, berriz, 1.943 boto jaso zituen. Aurten bi alderdiak batera aurkeztuko dira EH Bildu koalizioan.
Bilduri jarraituz, EAJk 9.747 boto jaso zituen Goierrin 2011ko hauteskundeetan, PSE-EEk 5.130 eta PPk 1.814. Ezker Batua eta Hamaika bat, berriz, ez dira izango aurtengo hauteskundeetan. Goierrin 1.813 boto jaso zituen Hamaika batek 2011n, eta 703 Ezker Batuak. Ez zuten ordezkaririk lortu Batzar Nagusietan.
Irabazi eta Podemos, bestalde, lehen aldiz aurkeztuko dira bozetara, eta ikusi egin beharko da nolako indarrarekin sartzen diren. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza lortzeko botoen %3 baino gehiago jaso beharko dituzte probintzia osoan.
Batzarkide goierritarrak
Oria barrutiko hautagaien artean badira goierritarrak. EAJko zerrendaburua, esaterako, Markel Olano beasaindarra da; orain ere batzarkidea da Olano. Bestalde, Irabaziko zerrendaburua ere goierritarra da, Monica Monteguado legazpiarra.
Gaur egun batzarkide diren Judit Garcia olaberriarra (EH Bildu) eta Iban Asenjo ordiziarra (EH Bildu) ere berriro izango dira hautagaien artean. Orain batzarkide diren beste goierritar batzuk, berriz, ez dira berriro aurkeztu: Oihane Zabaleta urretxuarra (EH Bildu), Patxi Xabier Saez de Egilar zeraindarra (EH Bildu) eta Itziar Agirre urretxuarra (EAJ).













