Lazkaok luzerako du jaien soka
San Prudentzio zaindariaren eguna aspaldiko lagunak elkartzeko izan da, Lazkaon. Adinez aurrera doazenek dute ohitura hori. Zinegotzi askok plazan dantzan agurtu dituzte herritarrak.Zaindariaren eguna ospatu zuten, atzo, lazkaotarrek. Festen erdi-erdia...
San Prudentzio zaindariaren eguna aspaldiko lagunak elkartzeko izan da, Lazkaon. Adinez aurrera doazenek dute ohitura hori. Zinegotzi askok plazan dantzan agurtu dituzte herritarrak.
Zaindariaren eguna ospatu zuten, atzo, lazkaotarrek. Festen erdi-erdian, tradiziozko osagaiekin osatu dute jardunaldiaren gozoa. Goizean, prozesioarekin hasi, eta udal agintarien soka-dantzarekin segi du San Prudentzio jairak. Eguraldia lagun izan da, azkenean.Izan ere, umeletik gehiago doa aurtengo jaien emana, eguzki goxotik baino. Herenegun iluntzean, hori bai, helduen VI. Danborrada gauzatu ahal izateko aterrune txiki bat izan zen. San Prudentzio auzotik abiatu eta plazako frontoira sartzeko lain tarte. Aterpean jo zituzten azkeneko piezak. Lazkaoko danbor eta upel jotzaileez gain, Beasaindik etorri dira, taldeak osatzeko.
Atzo, freskotik baina oskarbi, kanpo-giroan joan zen festa. Prudentzio santuaren irudia San Migel parrokiatik ermitara eraman zuten, goizean. Dantzariek eta txistulariek lagundu zuten segizioa, Imanol Prieto apaiza buru zuena.
Handik bueltan, atzera plazan, Udalbatza osatzen duten 13 zinegotzietatik 10ek egin zuten soka-dantza. Hiru talde polititikoetakoak zeuden, Azeari Andonegi alkatea aurre-esku zela. Agurra eta zortzikoak dantzatu zituzten, fandangoa eta arin-arina bukaeran.
Zinegotzi askoren agurra
Agintaldiko azkeneko soka-dantza izan da, eta, beraz, zinegotzi batentzat baino gehiagorentzat azkenekoa. Maiatzeko udal hauteskundeetan zer gerta ere, ez direlako aurkeztuko; edo zerrendan atzeraegi doazelako zizeilura iristeko.
Hala, Haizea Mendia, Kepa Goenaga (Bildu), Mila Madrazo, Patxi Albisu eta Inazio Estensoro (EAJ) zinegotziek dantzan agurtu dituzte herritarrak.
Udal ordezkari Inazio Estensoro lasai zegoen, behin dantzarekikoak bukatuta. Udaletxeko lanak ere hilabete pasatxo barru utziko ditu, zinegotzi edo alkate 28 urte aritu ondoren. «Azkeneko aldiz gaur egin dut soka-dantza», zioen.
Urte horietan guztietan ez du dantza egin beharrik izan, alkate Felix Urkola jarri zen hurrengo urtean berreskuratu zutelako soka-dantza, 2000n. «Aurretik, alkate nintzela, Juan Antonio Urbeltz ibili zen hona etorrita, berreskuratu nahian. Baina ez ginen animatu», dio Estensorok.
Hamabost urte bete zituen atzo, beraz, agintarien plazako dantza-agerraldiak.
Kuadrillak biharkoari zain
Gainontzean, lagun zaharrak elkartzeko balio izan du San Prudentziok. Kanpoan bizi direnek, batik bat adinez aurreratuta direnek, ohitura dute atzoko egunez Lazkaora itzultzeko.
Gazteagoek, ordea, nahiago dute Kuadrillen Eguna. Bihar izango da aukera.
Bien bitartean, gaur ere trantsizioko jardunaldia izango da. Soka noiz lasatu ere jakin behar da eta. Haurrentzat izan ezik, noski. Jaietan egunero legez, jolasik badute. Haur parkeak jarriko dizkiete, hiru tokitan.













