Ormazabal eta Goia autodeterminazioaz ariko dira bihar Gabirian
Gure Esku Dago dinamikaren Gabiriako taldeak mahai ingurua antolatu du biharko. Eneko Goia EAJko kidea eta Bilduko Idoia Ormazabal izango dira hizlariak, eta Eneritz Gorrotxategi Gabiriako kazetariak dinamizatuko du bi politikarien arteko hizketaldia.G...
Gure Esku Dagoren ibilbidea biltzen duen Jostunak dokumentalaren aitzakian antolatu dute mahai ingurua, erabakitze eskubidearen inguruan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Jostunak ikus-entzunezkoa ematen 18:30ean hasiko dira, kultur etxean, eta ondoren izango da politikarien arteko mahai ingurua.
Elkargunea Idiazabalen
«Elkarrekin pausoak ematea» du helburu Gure Esku Dagok, eta filosofia horri helduta ireki dute Idiazabalen Goierriko Elkargunea. Eskualdeko biztanleei zabalduta, Gure Esku Dagoren eta Saretzen dinamikaren inguruko informazioa emango dute Elkargunean, eta kamisetak eta ekainaren 21erako antolatu dituzten ekitaldieratako oihal zatiak salduko dituzte.
Idiazabalgo Kale Nagusian dago kokatuta Elkargunea, eta datozen bi hilabeteetan goizez eta arratsaldez egongo da irekita. Boluntarioen lanak ahalbidetuko du hori; horregatik, dinamikako ordezkariek goierritarri dei egin diete «bakoitzak ahal duen neurrian eta tartetxo bat dutenean» boluntario lan horrekin bat egiteko. Idiazabalgo Elkargunea ireki zuteneko irudiak goierri.hitza.eus helbidean dagoen bideoan ikusi daitezke.
Aurreko asteburuko Joste Egunetan Gure Esku Dagok jaso zuen babesa Gazta Zati Bat egitasmoaren eta giza katearen hurrengoa izan da, ekainaren 21erako prestatu duten ekitaldi nagusiaren atarikoa.













