Gipuzkoan dauden ikasle alemaniarrak Beasaingo Indar enpresan
Alemaniako Gilhorn hiriko BBS1 formakuntza zentroko bi ikasle hartu ditu Goierri Eskolak azken aste hauetan, Prestakuntza Duala programaren barruan. Diseinu eta fabrikazio proiektu batean aritu dira lanean, eta Goierri Eskolan bi ikasle aritu badira ere, Gipuzkoara talde handiagoa etorri da. Hala, talde osoak Indar enpresa bisitatu du, bertan egiten duten lana gertuagotik ezagutzeko.
Goierri Eskolatik jakinarazi dutenez, “Alemaniako Prestakuntza Sistema Duala da Europako herrialdeetan gehien eragin duen hezkuntza ereduetako bat. Sistema honetako ikasleek eta langileek enpresan bertan jasotzen dute formakuntza, lan kontratua dute, ordainsari bat eta lanpostu bat bermatuta”.
Goierri Eskolarentzat ere “ohiko praktika da” Alemanian egiten dutena, “eskola eta enpresaren arteko arternantzia modalitate hau gero eta zabalduago baitago”. Goierriko Eskolaren arabera, aukera hau “inguruko industria kontratazioak eta bailarari laguntzeko enpresek duten konpromisoa ahalbidetu dute”. Hala, “aurtengo ikasturtean 343 enpresetan banatu dira Goierri Eskolako ikasleak praktikak egiteko.
Ate irekien eguna da larunbatean
Goierri Eskolak ate irekien eguna egingo du larunbatean, hilak 9. Hitzordua 10:00etarako jarri dute eta saioa Lanbide Heziketako eskaintzaren inguruko informazioa jaso nahi duen edonori zuzenduta egongo da, goi mailako, erdi mailako eta oinarrizko LHko eskaintzari buruzko informazioa emango baitute.