Ekintza ugari egin dira Berriozabalen askatasuna eskatzeko
19/98 sumarioan auzipetuta, 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auztegi Nazional espainiarrak Inma Berriozabal Zegamako bizilagunari. 2008an atxilotu zuten lehenbizikoz; hala ere, aske gelditu zen zuen gaixotasun larriaren ondorioz 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero. 2009ko apirilean atxilotu zuten berriro, eta geroztik dago preso. Urte bereko maiatzean Auzitegi Gorenak zazpi urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra.
Kondena beteta, bihar aterako da A Lamako (Galiza) espetxetik. Santutxun (Bilbo) egingo diote lehen ongietorria; ostegunean, berriz, Zegaman egingo diote harrera. 1998an Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten santutxuarra; «ezker abertzalearen egiturak finantzatzea» leporatuta. Untzorri Bidaia agentzian lan egiten zuen Berriozabalek eta beste hainbat enpresa txikiren artean itxi zuten hura ere. Handik bederatzi urtera jaso zuten epaia 18/98 sumarioan epaitutako 52 lagunek. Horietako 47 zigortu egin zituzten.
Oso gaixorik dago Berriozabal eta kartzelak okertu besterik ez du egin bere egoera. Diabetea, B hepatitisa, psoriasi artropatia, asma bronkial arina, hipertentsioa nahiz sinusitisa ditu. Etxean egonda ere, gaitz horiekin gertutik jarraitu beharreko gaixoa izango litzateke. «Kartzelak asko okertu du egoera» Berriozabalek ahizpak azaldutakoaren arabera. Hainbat ebakuntza egin behar izan dizkiote. Ezkerreko belaunean protesi osoa du, eta pomada eta analgesikoak beharrezko ditu minari aurre egiteko.
Gartzelan behar dituen botiketan huts-egiteak «ohikoak» izaten direla diote senideek eta horrek gora behera ugari eragin izan dizkio. Horri guztiari lokartzeko arazoak gehitu behar zaizkio. Espainiar legediaren 92. artikulua aplikatzeko eskatu dute behin baino gehiagotan bere senideek nahiz hainbat erakundek, baina ukatu egin izan diote.
Ander Geresta, ekainean
Ekaineko lehen asteburuan aterako da Ander Geresta gabiriarra ere kartzelatik; 6an, larunbatean. Monterroson (Lugo, Galiza) dago gaur egun espetxeratuta. 2000n atxilotu zuten Frantzian.