Juan Manuel Serna izango da alkategaia; Maria Isabel Sanchez eta Elena Vazquez izango ditu aldamenean
Lazkaoko PSE-EEk, udalaren gobernabilitatean «erabakior» izateko asmoarekin aurkeztu du bere burua. Juan Manuel Serna alkategaia buru dutela, «zerrenda plurala» osatu dute, «ezkerreko perfil progresista» garbi bat duten gizon eta emakumeekin. Zerrenda hori, «kriterio berriekin» egin dela azaldu dute, izan ere, «beharrezkoa zen alor ezberdinetan erreferente diren pertsonak sartzea». Hala, sindikalgintzan eta hainbat gizarte mugimendutan aritutako jendea dago ordezkaritza honetan.
Lazkaok «aldaketa bat behar eta merezi» duela uste dute, eta zentzu horretan, PSE-EE «abertzalea ez den erreferente bakarra» direla diote. Bere kudeaketa «elkarrizketan eta pluraltasunaren errespetuan» oinarrituko dela azaldu dute, Bilduren «inposaketa modeloaren aurrean». Hala, atez ateko bilketaren aurka bildutako sinadurei eta balkoietan jarritako poltsei entzungor egitea leporatu diote udal gobernuan egon den taldeari.
PSE-EEren agenda politikoan, «garapen ekonomikoa eta lanpostuak erdigunean» daudela diote, eta uste dute udalak «tokiko garapen ekonomikoan agente aktiboa» izan behar duela. Horregatik, «enplegu politika aktiboak eta merkataritza eta turismoa bultzatzen dutenak» babestuko dituzte, bai udalari dagozkionak, eta baita aldundia edota jaurlaritza inplikatzen dutenak ere.
ZERRENDA:
- Juan Manuel Serna Portugal
- Maria Isabel Sanchez Martínez
- Elena Vazquez San José
- Alejandro Crespo Blanco
- Asunción Montaño Fernandez
- Jose Luis Ferro Sobrino
- Maria Begoña Lopez de Benito
- Alejandro Crespo Gallego
- Maria Rodriguez Rodriguez
- Felix Cantero Cubillo
- Maria Yolanda Motrel Moya
- Iker Ibañez Murillo
- Francisco Javier Ayala Fuidio