Ordiziako eta Tolosako azokak bat eginda arituko dira etorkizunari begira lanean
Lankidetza hitzarmena sinatu dute Ordiziako eta Tolosako udalek, eta Goimenek eta Tolomendik; elkarrekin gogoeta egin eta bitartekoak jarriko dituzte azokak biziberritzeko
Ordiziako eta Tolosako azokek antzeko ezaugarriak dituzte. Antzekotasun horietatik abiatuta, eta elkarlanaren bideari helduta, Tolosako eta Ordiziako udalek, eta Goimenek eta Tolomendik, lankidetza hitzarmena sinatu dute azoken gaiaren inguruko gogoeta egin, eta premiak eta ondorioak aztertzeko.
Saretze lana egin nahi dute horretarako zuzenean inplikaturik dabiltzan lau erakundeak. Azoketan dauden hainbat gabeziei edo zailtasunei elkarrekin aurre egin nahi diete, ahulguneei aurre eginez eta indarguneei helduz. Azokak normalizatu nahi dituzte, «azokak herrietako erreferentzia gune bihurtu, bertako eta kalitatezko produktuez hornitutako lehengaien saltoki izanez.
Ordiziako eta Tolosako ekonomiaren bilakaeraren giltzarri izan dira azokak urte askoan: «Gaur ere badira eta etorkizunera begira ere ezinbestekoak dira. Salmenta zuzenaren espazio hauek, lehen sektorearentzat klabeak direla ulertzen dugu, sektoreko ekonomia sendotzeko guneak direlako». Era berean, «natur ondarea, paisaia, herri identitatea, lurralde antolaketa eta baliabideen kudeaketa dakarte».
Azoka egitura berria
Etorkizunean begiak jarrita, «azoka eredu berritzailea eta eguneratua planteatzen dugu, azokak duten potentzialean eta gaitasunean oinarrituta». Landa eremua hirian barneratzeko bidea herri azokak direla jakinik, «azoka egitura berri bateratua» proposatzen dute, «ondare inmaterialean oinarriturik eta gizarte mugimendu berriak aktibatuz. Baserritarrak herrietan, elikagaien hornitzaile direla ezin dugu ahaztu». Zentzu horretan, Arrate Iturbe azoketako teknikariak hiru lan ildo zehaztu ditu.Horretarako, «elkarteen, udalen, nekazal eragileen eta gizartearen» babesa ezinbestekoa dela dio Iturbek.
Hiru lan ildo Aurrerantzean Ordiziako eta Tolosako azokek hiru lan ildo nagusi garatuko dituzte elkarlanean, gaur egungo azoketako egoera, baldintza edo funtzio ekonomokoa hobetzeko helburuz. Garrantzia ekonomikoa. Azokaren balorazio ekonomikoaren azterketa. Azoka egunean herriko ekonomian sortzen den inpaktuaren neurketa egiten ari dira Tolosako eta Ordiziako azoketan, EHUko Ekonomia Aplikatua sailarekin. Azterketa horrek, azokak zuzenean eta zeharka suposatzen duen inpaktu ekonomikoa ezagutzeko baliagarria izango da. Azokaren normalizazioa. Azoketan dauden baserritarren arteko antolaketaren lanketa egin nahi da; azokarako barne araudi komuna egin, eta ekoizle txikien zerrenda eta ofizializatzea. Postuen kontrola eta elikagaien kaliatea bermatu nahi dira. Herri Azoka elementu bateratuen lanketa egingo da. Kontsumo eredua. Azoka eta erosketa publikoa sustatu. Herri dinamikan txertatzea, udalek antolatzen dituzten edo dirulaguntza jasotzen duten ekitaldi gastronomikoetan eta herri bazkarietan azokako produktuen erabilera eta herriko dendetan erostea lehenestea.Ordiziako eta Tolosako alkateentzat ere funtsezkoa da elkarrekin eta elkarlanean aritzea. «Lehen sektorea ere sufritzen ari da gizartearen bilakaeraren ondorioak. Ahulgune eta indargune beretsuak badaude azoketan. Elkarrekin eta elkarlanean, 1. sektorea babestu eta hainbeste urtean erreferentzia guneak izan diren azokak babestuko ditugu», dio Igor Eguren Ordiziako alkateak. Ibai Iriarte Tolosako alkateak azpimarratu duenez, «herrien iraupenerako funtsezkoa da azokak bizirautea. Azokak gaurkotu nahi ditugu, kalitate goreneko produktuak eskainiz». Iriartek gaineratu duenez, «gaurkoa da lehenengo hazita, eta fruituak sortuko dira». Beste herri batzuk ere gonbidatu dituzte.












