Thomas Silva uruguaitarrak irabazi du Ordiziako 103. Klasikoa
Igor Arrieta nafarrari –iazko irabazlea– gailendu zaio esprintean XDS Astana taldeko txirrindularia, UAE taldeak azken hiru urteetan izan duen nagusitasuna hautsiz. Hirugarren Antonio Morgado (UAE) portugaldarra sailkatu da, iazko postua errepikatuz.
Thomas Silva (XDS Astana) uruguaitarra besoak gora, esprintean Igor Arrietari irabazita. Atzean, tropeltxoa. Iñaki Gurrutxaga Ordiziako 103. Klasikoa azken itzulian erabaki da aurten ere, oraingoan Gaintzako azken jaitsieran. Igor Arrieta nafarrak (UAE), iazko irabazleak, beheraka jo du erasoa, eta Thomas Silva uruguaitarra (XDS Astana) itsatsi zaio gurpilera. Jaitsieran lortutako segundoak nahikoa izan dira helmugara iristeko, eta azken esprintean Silva azkarragoa izan da. Haien atzetik sartu den tropeltxoan, Antonio Morgado (UAE) portugaldarra izan da azkarrena, hirugarren postua lortuz eta iazko postua errepikatuz. Uruguaitarrak UAEk azken hiru urteetan izan duen nagusitasuna eten du.
Hemeretzi talde eta 127 txirrindulari abiatu dira Ordiziako 103. Klasikoan, 10:00etan. 167 kilometro egin dituzte txirrindulariek, Abaltzisketako eta Gaintzako gainak bost aldiz igaroz. Eguneko ihesaldia Ibai Azanza nafarrak (Ker Pharma), Patrick Welch estatubatuarrak (APS), Lucas Griego frantziarrak (Aix Provence), Oscar Nillson frantziarrak (Aix Provence) eta Lucas Lopes portugaldarrak (Efapel) osatu dute. Hirugarren pasaeran 45 segundo ateratzen zizkioten Abaltzisketan tropelari. Gainera iritsi eta berehala, UAEko, Astanako eta Poltiko txirrindulari bana tropeletik atera dira, eta ihesaldiaren atzetik jazarpenean aritu dira. Beherakoan, tropelean Astana lanean, eta Ordiziatik pasa direnerako aldea 30 segundokoa zen.
Abaltzisketako laugarren igoerari 30 segundoren aldearekin ekin diote iheslariak Amezketan. Moderne Adventur tiraka jarri da Astanarekin batera, eta igoera hasi eta gutxira harrapatu dituzte iheslariak. Astana tiraka, tropela luzaraziz. Jaycokoak ere adi. Pixkanaka goi mailako taldeak tropelburuan. Taldean pasatu dute Abaltzisketako gaina, ia ziklista denak World-Tour mailakoak zirela. Gaintzan Caja Ruraleko Samuel Fernandez pasa da aurrena, eta atzetik etorrita, Burgos taldeko Hugo de la Callek harrapatu du.
Azken horrek Amezketara bakarrik iristea lortu du. UAE tiraka zela, Jayco Alulako Paul Doublek jo du erasoa, eta 2o segundoko aldearekin iritsi da Abaltzisketa gainera. Tropela mugitu egin da, Arrieta bera buru zela. Taldetxo bat iritsi da Gaintzara, eta han hautsi du lasterketa nafarrak, beheraka. Ordiziako esprintean, ordea, Silva nagusitu zaio.
Lehen hogei sailkatuek jaso dute diru-saria –lehen hirurek garaikurra ere bai–, eta horiez gain beste zortzi sari ere banatzen ditu Ordiziako Klasikoak. Denera, 14.520 euro banatzen ditu saritan.
SAILKAPENAK
Banakako sailkapen nagusia
- 1. Thomas Silva (XDS Astana). 03:54:10
- 2. Igor Arrieta (UAE)………….. d.b.
- 3. Antonio Morgado (UAE)…. segundo batera
Taldekako sailkapena
- 1. XDS Astana
Mendiko sailkapena
- 1. Lucas Lopes (Efapel)
Tarteko helmugen sailkapena
- 1. Patrick Welch (APS)
Lehen euskalduna
- 1. Igor Arrieta (UAE)
Lehen atzerritarra
- 1. Thomas Silva (XDS Astana)
23 urtez azpiko onena
- 1. Antonio Morgado (UAE)
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga












