Euskodok elkarteak hauteskundeetako propaganda jasoko du
Udal eta foru hauteskundeen harira alderdiek zein talde politikoak zabaltzen ari diren kartel, pegatina, hauteskunde programa, aldizkari, eskuorri eta abar bilduko ditu Euskodok elkarteak Euskal Herriko hainbat liburutegitan zein artxibotan gordetzeko....
Lan hori burutu ahal izateko Euskodok elkarteak eskaria egin die alderdiei nahiz talde politikoei material hori gorde eta helarazi diezaieten. Deialdia erakundeei, elkarteei eta norbanakoei ere zabaldu diete.
Behin dokumentuak jasota, Euskodok elkarteak berak zabalduko du materiala. Besteak beste, Juan Jose Agirrek zuzendutako Lazkaoko Beneditarren Fundazioari bidaliko diote, aspalditik ari dira hemen halako materialaren gordeketa egiten. Euskodok elkarteari zuzentzeko: euskodok@gmail.com edo 665 75 09 31.
Euskodok elkarteak orotariko dokumentazioa biltzen du; beti ere, Euskal Herrian plazaratutakoak edo euskal gaiekin lotutakoak. Ondarea gordetzeko xedea du elkarteak. Horrenbestez, bildutakoa banatu egiten dute liburutegietan zein artxiboetan bertan gorde ditzaten eta hala behar denean ikerlarien esku jar dezaten.












