Mari eta Basajaunen loaldian, Ekaitz konpartsa lanean
80 urte betetzen dira Beasainera lehenengo erraldoiak ekarri zituztenetik, eta 40 urte Mari eta Basajaun erraldoiak sortu zituztenetik. Azken bi horiei jatorrizko tamaina emango diete.
Ane Gorostidi Ekaitzeko dantzaria eta Jesus Garcia lehendakaria, Telleriako lokalean. Atzean, ezker eskuin: Antonio eta Mari eta Mattin eta Jone erraldoiak, eta behean buruhandiak.Laida Goiburu Azken hamarkadan gorakada nabarmena izan dute erraldoiek eta buruhandiek Goierrin jarraitzaile kopuruari eta zaletasunari dagokionez. Beasainen bi urteurren garrantzitsu dituzte aurten: 80 urte betetzen dira lehenengo erraldoiak ekarri zituztenetik, eta 40 urte Mari eta Basajaun sortu zituztenetik.
Urte mordo bat dira, beraz, erraldoiak kaleratzen dituztela Beasainen. Baina 4 urte besterik ez dauzka Beasaingo Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsak. Jesus Garcia lehendakariak azaldu duenez, elkarte bezala eratu zen duela 4 urte: «Ni txikitan erraldoiekin ibiltzen nintzen, 13 urterekin hasita, baina lehen udalak kontratatzen gintuen eta orain jada elkarte bat gara, forma eman diogu». 30 pertsona inguru dira elkartean, gehienak beasaindarrak, baina beste herri batzuetatik ere etortzen dira. Talde irekia da: «Gustatuko litzaiguke jendea konpartsan sartzea eta komunitatea egitea».
«Gustatuko litzaiguke jendea konpartsan sartzea eta komunitatea egitea»
Jesus Garcia. Ekaitz konpartsako lehendakaria
Asteazkenero elkartzen dira Telleriako lokalean Garciak prestatzen dituen koreografiak entseatzeko. Ane Gorostidi da dantzarietako bat: «Buruhandiekin hasi nintzen, duela 2 urte dantzatzen ikasten, eta orain dantzatzen ateratzen naiz erraldoiekin». Lan handia izaten dute Beasaingo festetan. Aurten ia egunero aterako dira; joan den ostiralean txupinazoan, kalejiran eta Mariren jaitsieraren ondoren izan ziren, larunbatean danborrada txikiaren erretretan, igandean kalejira egin zuten Igartza auzoraino, eta astelehenean Loinazko San Martin basilikako erromerian parte hartu zuten. Bihar ere kalejira izango dute, eta igandean Goierriko I. Erraldoi eta Buruhandien Topaketa.
Mendian edo tailerrean
Mattin eta Jone eta Antonio eta Mari (trenbideko langilea eta kantinera) aterako dira, baina badira herritarrek azkenaldian faltan sumatzen dituzten bi: Mari eta Basajaun. Mikel De Las Heras konpartsako laguntzaileak azaldu du «mendian» daudela, loaldian. Hori da kontatzen duten istorioa. Baina tailerrean daude, konponketa fasean, jatorrizko tamaina eman eta berriz ere Euskal Herriko erraldoirik altuenak izan daitezen. Izan ere, duela 40 urte Xabier Garate irundar erraldoigileari eskatu zizkion udalak euskal mitologian oinarritutako hainbat pieza: Mari eta Basajaun erraldoiak eta aker, sorgin, mateotxistu apaiza, errementari eta zezen gorri buruhandiak. Euskal Herriko erraldoirik altuenak izan ziren: 4 metro eta 40 zentimetrokoak egin zituen Mari eta Basajaun. Jonek eta Mattinek 3 metro eta 50 zentimetro neurtzen dute.

Mari eta Basajaun, nabarmen altuagoak, eta ondoan Mari eta Antonio, artxiboko irudian.Ekaitz konpartsa
Baina konpartsa sendorik ez zegoenenez, dantzari sendorik ere ez: «2013an udalak Garateri eskatu zion altueraz jaisteko, erabilerrazagoak izan zitezen, bestela ez zituztelako ateratzen», azaldu du lehendakariak. Eta Garcia bera ari da berriro ere jatorrizko tamaina ematen, erraldoigilea ere badelako –Antonio eta Mari berriak berak egin ditu–. Tailerra Tolosan dauka: «Gorputz berri bat bakoitzari, eta Mari eta Basajaun Euskal Herriko altuenak izango dira». Ez dute zehaztu datarik, baina aurten aurkeztuko dituzte.

Mari eta Basajaun, jada altueraz txikituta, eta Mattin eta Jone, artxiboko irudian.Ekaitz konpartsa
Bartzelonatik Beasainera
Ibilbide luzea egin dute erraldoi eta buruhandiek Beasainen, nahiz eta elkarte bezala bosturtekora ez diren iristen. De Las Herasek ongi oroitzen du lehenengoak iritsi zireneko garaia: «Duela 80 urte, errege katolikoak izan ziren. Udalak Bartzelonatik ekarri zituen, eta garai hartan denak berdinak ziren. Bost buruhandi ere ekarri zituen». Horiek kendu egin zituzten, eta ondoren etorri ziren Mari eta Basajaun –1986an–, Mattin eta Jone –2014an– eta Mari eta Antonio –2023an berriak–.
Mari eta Basajaunek indartsu bueltatzeko atseden hartzen duten bitartean, Ekaitz konpartsak lanean jarraituko du, festetan, auzoz auzo zein beste herri batzuetako elkarteekin lankidetzan.
Goierriko lehen topaketa izango da igandean
Bi urteurren horiek ospatzeko, Goierriko I. Erraldoi eta Buruhandien Topaketa antolatu dute. Igandean izango da, maiatzaren 24an, jaien azken egunean. Segurako, Zegamako, Ordiziako, Lazkaoko, Legorretako, Zaldibiako, Idiazabalgo eta Beasaingo taldeek parte hartuko dute. Doinuzar gaitero taldeak jarriko du musika.












