Ekintzaile izateko ez dago adin mugarik
Rosa Maria Burciok margo eta dekorazio negozio bat jarri du martxan Legazpin, 60 urte bete berritan. Santikutz Margoak du izena, eta Laubide auzoan dago.
Lau urtez itxita egon eta gero, ateak ireki ditu berriz ere Legazpiko Laubide auzoko Santitutz Margoak dendak. Negozioaren atzean, 60 urte bete berri dituen Rosa Maria Burcio Martin jarri da. Ekintzaile izateko adin mugarik ez dagoela erakutsi du legazpiarrak.
Apirilaren 15ean bete zituen 60 urteak Burciok, eta denda apirilaren 27an inauguratu zuen. «Ilusio handiarekin hasi naiz, nire bizitzaren etapa berri bati heldu diot». Eta horretarako, margoen eta dekorazioaren mundua aukeratu du. «Beti izan dut gogoko margotzea, eskulanak egitea… edozer gauzarekin ausartzen naiz. Baina nire afizio hori nahiko ezkutuan eraman dut».
Publikoagoa izan da azken aldian izan duen lanbidea, udaletxeko brigadako kidea izan delako denboraldi batean, eta herriko hainbat gune margotu dituelako. «Orain ikaragarri gustatzen zait toki horietatik igarotzea eta nik egindako zerbait dela ikustea, nire lana hor dagoela ikustea». Eta «60 urteetara iristean, nire lan ibilbidea modu goxoan amaitu nahi nuelako, denda bat irekitzea erabaki nuen, denda hau niretzat nire goxotasuna delako». Orain arte beti besteentzako egin du lan, hemendik aurrera, bere lan propioa izango du.
Denbora gutxi da oraindik Santikutz Margoak ireki duenetik, baina «oso gustura» dago izan duen erantzunarekin. Hala ere, aitortzen du autonomo egin eta negozioa martxan jartzea gogor samarra izan dela, «errazagoa zirudien, baina gauza asko lotu behar dira, komertzialei dei asko egin…».
«Abaniko zabala»
Margoak, interiorismoa, dekorazioa, arte ederrak… elkartzen dira Santikutz Margoak dendan. «Abaniko zabala da… baina oraindik eskaintza osatzen ari naiz», azaldu du Burciok. Pintura poteez eta pintatzeko behar diren tresnez gain, garbiketa produktuak, igeltserotza lanetarako produktuak, egurraren tratamendukoak, baratzerako produktu fitosanitarioak, edergintza, perfumeria, neurrira egindako alfonbrak, parket flotatzailea… eta lehen zegoen negoziotik zetorren makinarekin giltzen kopiak egitea. «Momentuz horiek eskaintzen ditut, denda betetzen ari naiz pixkanaka».
Hori guztia, «kilometro zero» kontsignarekin. «Hornitzaileak gertukoak badira, merkeago atera daiteke, eta azkarrago gainera. Zerbait falta badut, eskatu eta egunean bertan edo hurrengo egunean izango dut hemen».
Negozioa auzoan ireki izanari ere garrantzia eman nahi dio Burciok. «Auzoan eta auzotarrengan ere pentsatu dut, pertsona helduekin gogoratu naiz batez ere, behar dituzten gauzak etxetik gertu erosteko aukera izan dezaten». Laubide auzoko 19an dago, eta astelehenetik ostiralera irekitzen du 09:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.
Amabirjinaren babesa
Negozio berri bat martxan jartzean ohikoa da San Pankrazioren irudia gertu izatea, zorte ona ematen duenaren ustean. Burciok, ordea, Sopetraneko amabirjinari eskatu dio babesa. «Nire jatorria Caceresko Jarandilla de la Vera herrian dago [Espainia], eta hango zaindaria da. Ni ez naiz oso sinestuna, baina amabirjina hori nire ondoan nahi dut», azaldu du; horri eskainitako egutegi bat eta estanpa bat ditu mostradore atzean.
Eta inguruan, Burciok bere senarra du, Jose Ignacio Lopez. Marly Pinturak enpresa du, eta etxez etxe edo deitzen dioten lekutara joaten da, margotzera. Burciorentzat oso lagungarria da pintura gaietan duen esperientzia. Dendan, gainera, enkarguak jasotzen ditu beretzat.
Eta dendan, lagungarri ditu baita ere bere “bizitzaren filosofia” islatzen duten bi esaldi, koadro banatan jasota. “Dena amets batekin hasten da” dio batek, eta “Irribarre egin egunero, bizi une guztiak, eta maitatu” besteak.













