Kontsumo taldean, gertukoa eta garaikoa
Barazkiak, ogiak eta gozoak, eta esnekiak. Legazpiko Kontsumo taldearen eskaintza da. Astelehenero, Azokan egiten dute banaketa. Tokia badago.
Legazpiko Kontsumo Taldeko ekoizleak eta kontsumitzaileak astelehen arratsaldetan elkartzen dira, Azokan. Hiru ekoizlek jartzen dute postua bertan: Itsasoko Aristizabal baserrikoek, ogi eta gozoekin; Behieko elkarteak, esnekiekin; eta duela hilabete hasita Zeraingo Mendarte baserrikoen ordez, Beasaingo Aitor Urdangarinek ere bai, barazkiekin. Postuen beste aldean, kontsumitzaileak izaten dira, ekoizleen produktuak astero jasotzeko konpromisoa hartu dutenak.
Horixe da, hain zuzen, kontsumo taldeen xedea. Herritarrek osatutako elkarteak dira, ekoizleez eta kontsumitzaileez osatutakoak. Inguruko baserritarrek eta bestelako ekoizleek ekoitzitako produktu osasungarriak kontsumitzaileen eskura jartzen dituzte talde horien bidez, zuzenean, bitartekaririk gabe, eta bidezko prezioan. Goierrin hainbat daude, eta Legazpikoa 2013an jarri zuten martxan.
Ekoizleen lana
Aitor Urdangarin ekoizleen taldera batu den azkena da. Beasaingo Gudugarreta auzoko Saltsamendi baserrikoa da. Enpresa munduan ibilitakoa da, baina duela hiru urte utzi zuen hura baserrira dedikatzeko. Barazkiak ekoizten ditu, eta Legazpiko Kontsumo Taldeko bazkideak ez ezik, Ataungo Otso Batza taldekoak duela hiru urtetik eta duela bitik Beasaingo Azapeko taldekoak ere hornitzen ditu.
Kontsumo talde hauen funtzionamendua berdina da: kontsumitzaileek kuota bat ordaintzen dute hilero, eta trukean garaiko barazki ekologikoz osatutako saski bat jasotzen dute astero, beti toki eta ordutegi berdinaren barruan. Legazpin Azoka da tokia, eta 18:00etan hasten dira banaketarekin. Bertatik igaro ezin duenari, pilotaleku ondoan dauden takiletan uzten diote saskia. Talde honetan zortzi bazkide daude, eta badago tokia gehiagorako. Proba egin nahi duenak astelehen arratsaldean Azokatik igaro besterik ez du, informazioa jasotzeko. Prezioa, Goierriko kontsumo talde guztietako ekoizleen artean adostutakoa da, 58,5 eurokoa hilero.
Aristizabaleko Itsaso Olabide eta Kepa Solana ere kontsumo taldeko ekoizleak dira. Ogia eta gailletak eskaintzen dituzte, baina ez dute saskiaren sistemarekin funtzionatzen: «Bezero finkoak ditugu, 70-bat, eta enkarguak egiten dizkigute, eta soberan izaten dugunean ogia, edozeinek erosi dezake». Legazpiko taldea da hornitzen duten bakarra.
Esnekiak Behieko elkarteko Xabier Makazagaren kontua dira. Olaberriko, Altzoko eta Urnietako baserri banak osatzen dute Behieko, eta guztien artean egindako gaztak eta jogurtak eskaintzen ditu Legazpin, baita arrautzak eta ardoa ere. Hamabi kidek osatzen dute honen kontsumo taldea, asterokoa, eta badituzte bezero gehiago noizean behin erosten dietenak. Urretxukoa, Beasaingoa eta Ataungoa ere hornitzen ditu Behiekok.
Bada laugarren ekoizle bat, Jesus Sanchez. Txahal haragia ekoizten du, eta duenean bakarrik banatzen du, aurrez eskatu diotenei. Barazki taldeko bazkidea ere bada, «nahikoa dut nik behiekin», dio.
Kontsumitzaileak, gustura
Aitor Uribetxeberria bazkideetako bat da, hasieratik, San Migeleko Iñurritegi anaien garaietatik. Barazkiak, ogia, arrautzak eta esnekiak hartzen ditu. «Oso gustura» dago. «Bertako produktuak dira, garaian garaikoak, eta gure kasuan, horrela asteroko erosketaz ez gara arduratu behar; saskian dagoena jan beharra besterik ez dugu». Dena jaten dutela aitortu du, «saski formala eskaintzen digute, familia batentzat egokia, kantitate eta aukera aldetik».
Iritzi berekoa da taldean hilabete daraman Antton Salvador. Lehen bikotearen aitaren baratzetik jasotzen zituen barazkiak, baina hura utzi zutenean, kontsumo taldera jo zuen. Denbora gutxi darama, baina «zoratzen» dagoela aitortu du.

Aitor Urdangarin ekoizlea eta Antton Salvador kontsumitzailea.












