Bihar eta etzi egingo dute zegamarrek Arantzazura erromesaldia
Bihar eta etzi egingo dute zegamarrek urteroko Arantzazurako erromesaldia. Biharko udal eta foru hauteskundeak direla eta, ordutegia aldatu egin dute eta 10:30ean eta 11:15ean aterako dira autobusak Zegamatik apeaderora. Erromesaldia oinez egin nahi dutenak joango dira autobus horietan eta 14:30ean bazkaria egingo dute. 17:00etan irtengo da gero Arantzazura autobusa, bertan lo egiteko. Arantzazura oinez joan eta bertan lo egin nahi ez dutenek, 18:30ean izango dute etxera itzultzeko autobusa. Autobusak kooperatiba paretik aterako dira Zegaman.
Etzi, 08:00etan, autobus bat irtengo da Zegamatik Arantzazura. 10:15ean zegamar guztiak Goiko Bentan elkartuko dira eta elizara jaitsiko dira prozesioan. Bertan, 10:30ean, meza emango dute. 15:00etan etxera oinez itzuli nahi dutenak irtengo dira. 16:30ean, berriz, herrira itzultzeko autobusa irtengo da.
Ongi etorria
Oinez itzultzen direnei, udalak merienda emango die: 18:00etan, Oazurtzan. 19:00etan helduko dira herrira. Ongi etorria egingo diete eta elizan funtzio txiki bat egingo dute. Ondoren, ardoa eta ogitartekoak emango dizkiete.