EAJk gehiengo osoa eskuratu du Beasainen
BEASAIN. Bederatzi zinegotzi eskuratu dituzte jeltzaleek. EH Bildu sei zinegotzirekin gelditu da. PSE-EEk eutsi egin dizkio bi zinegotziei eta PPk galdu egin du orain arteko zinegotzi bakarra Aitor Aldasoro jeltzaleak nagusitasunez irabazi ditu hautes...
BEASAIN. Bederatzi zinegotzi eskuratu dituzte jeltzaleek. EH Bildu sei zinegotzirekin gelditu da. PSE-EEk eutsi egin dizkio bi zinegotziei eta PPk galdu egin du orain arteko zinegotzi bakarra
Aitor Aldasoro jeltzaleak nagusitasunez irabazi ditu hauteskundeak Beasainen. 2.902 botoren babesarekin, bederatzi zinegotzi lortu ditu EAJk Beasainen. Azken legegintzaldian sei izan ditu EAJk. Kontuan izan behar da H1! alderdia ere EAJrekin batera aurkeztu dela oraingoan, eta aurreko legealdian zinegotzi bat izan duela. Beraz, atzoko emaitzen ondoren, bederatzi ditu EAJk, aurreko hauteskundeetan baino ia mila boto gehiago lortuta. Aitor Aldasorok GOIERRIKO HITZAri adierazi dionez, ez zuten «horrelako babesik espero». Era berean, gaineratu duenez, «guk urte erdi bageneraman eragile desberdinekin elkartzen, lana egiten. Guretzat hori aldagai garrantzitsua izana espero dugu».
EH Bilduk 1.871 boto eskuratu ditu; sei zinegotzi. Oraingo hauteskundeetan Aralarrekin joan da koalizioa eta bien artean zazpi zinegotzi izan dituzte; beraz, zinegotzi bat galdu dute.
EH Bilduko Koldo Agirrek emaitzak baloratu ditu: «Onartu beharra dago ez ditugula esperotako emaitzak lortu. Jaitsi egin gara eta egunotan aztertu egin beharko da zer gertatu den. Bestetik, argi dago PPren botoa nora joan den».
PSE-EEk gora egin du botoetan, 917 lortuta (lehen 861) eta eutsi egin dio zinegotzi kopuruari (861 lortu zituzten). Eserlekurik gabe geratu dena PP izan da. Urteetan izan duen zinegotzi bakarra galdu egin du.