Serranok gehiengo osoa goitik lortu du
ZUMARRAGA. Gora etorri da Zumarragan PSE-EE. Aurreko udal hauteskundeetan erdietsi ez zuen gehiengoa eskuratu du Serranok: «Egunero kalean erakutsitako gertutasuna saritu dute zumarragarrek», dio. Mikel Serrano PSE-EEko Zumarragako alkategaiak 2011n ...
ZUMARRAGA. Gora etorri da Zumarragan PSE-EE. Aurreko udal hauteskundeetan erdietsi ez zuen gehiengoa eskuratu du Serranok: «Egunero kalean erakutsitako gertutasuna saritu dute zumarragarrek», dio.
Mikel Serrano PSE-EEko Zumarragako alkategaiak 2011n udal hauteskundeak irabazi zituenean garaipena historikotzat jo zuen. «Oraingoa, ordea, historikoagoa izan da ezker abertzalea normaltasunez aurkeztu delako eta proportzioan hamahirutik zortzi jarleku ateratzea ez genuelako amestu ere egin», dio. Sei jarleku espero zituen, zazpi sekulako emaitzatzat jotzen zuen eta zortzi jarleku lortzea ez zuen inondik espero. PSE-EEk 2.626 boto lortu ditu, 2011n baino 523 gehiago; zortzi jarleku izango ditu, gehiengo osoa, goitik.
Serranok kalean zumarragarrei erakutsitako «gertutasuna» bere garaipenaren giltza izan dela esan du garaipenaren berri izan eta denbora gutxira Zumarragako Herriko Etxean. Aurreko agintaldian PPrekin gehiengoak lortu baditu udalbatzarretan, oraingoan sozialistek ez dute inoren babesik beharko beren egitasmoak burutzeko.
EH Bilduk bi jarleku izango ditu lortutako 974 botoekin. 2011ko 1.320 botoekin alderatuta gainbehera esanguratsua izan da koalizioarentzat.
EAJk ere bi jarleku izango ditu eta boto jaitsiera ere azpimarragarria izan da jeltzaleentzat; 974 boto atera dituzte eta 2011n 1.037 eskuratu zituzten.
Irabazik jarleku bat lortu du 417 botorekin eta PPk ez du jarlekurik lortu.
Beste alderdiek izan duten jaitsiera baino, Zumarragan nabarmentzekoa da PSE-EEk lortutako garaipena. Badirudi alderdia baino, Anton Arbuluren garaian bezala, Mikel Serranok bere pertsona marka bat izatea lortu duela hautestontzietan berak ere espero ez zituen emaitzak erdietsi eta gero.