EAJk babesa eskertu eta «herritar guztientzat gobernatuko» duela dio
Beasaindarrek «aldaketarako hautua» egin dutela dio EAJk. Dedikazio osoz lan egingo duela hitz eman eta gobernu batzordean alderdi guztiak egongo direla aurreratu duPrentsaurrean agertu zen Aitor Aldasoro EAJren Beasaingo alkategaia atzo datozen lau ...
Beasaindarrek «aldaketarako hautua» egin dutela dio EAJk. Dedikazio osoz lan egingo duela hitz eman eta gobernu batzordean alderdi guztiak egongo direla aurreratu du
Prentsaurrean agertu zen Aitor Aldasoro EAJren Beasaingo alkategaia atzo datozen lau urteetan alboan izango duen taldearekin batera. Igandeko udal hauteskundeetan 2.902 botorekin, gehiengo osoa eskuratu zuten jeltzaleek. Botoa eman dien guztiei eskerrak emanez hasi zuen agerraldia, eta «babes horri behar bezala erantzukizunez, arduraz eta umiltasunez erantzutea espero» duela zehaztu zuen. «Herritar guztiontzat gobernatuko dugu, bai babestu gaituztenontzat, zein beren babesa azaldu ez digutenentzat ere». Era berean, hitzeman zuen «Beasainen eta beasaindarren interesen defentsan» jardungo dutela; «dedikazio osoz, elkarrizketa eta elkarlana oinarri hartuta».Beasaindarrek aldaketaren hautua egin dutela esan zuen eta «aldaketa errealitate bilaka zedin» alderdikoa ez den herritarren babesa ere jaso dutela gaineratu zuen. «Beasaindarrek udal gobernu konprometitua nahi dute, dedikazioz lan egingo duena; gertu izango duen gobernua nahi dute, herritarrei hitza eman eta entzungo diena».
Azkeneko urte eta erdian EAJ Beasaingo hainbat herritar aritu da lanean ekarpenak jasotzen, eta horiei guztiei ere eskerrak eman nahi izan zizkien jeltzaleek, «denbora hori isilean eskaintzeagatik». Izan ere, «horri guztiari esker eskaini ahal izan dugu, benetan herritarren beharrak eta nahiak jasotzen dituen proiektua». Aldasorok gehitu zuenez, orain aurretik duten lanik zailena da «paperean dauden hainbat eta hainbat proiektu errealitate bihurtzea».
Programan jasotako proposamenak «lehenengo egunetik» lantzen hasiko dira; hori bai, «lehentasunak ezarriz».
Lanketa horren barruan, EAJren asmoa da gainerako alderdi politikoetako ordezkariek egindako lana berreskuratzea, «batzorde eta udal sailez baliatuta, eta udal gaiei dagokienez, herritarren parte hartzea sustatuta». Behin udalaren egitura eginda, lehenenbiziko egitekoa gobernu batzordea alderdi guztiei zabaltzea izango da. Zehaztu zuenez alderdi guztiak egongo dira batzordean.
Lazkaoko EAJren eskertza
Lazkaoko EAJk ere igandeko hauteskundeetan jasotako babesa eskertu nahi die lazkaotarrei: «Hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginari helduko diogu ahalik eta azkarren». Lehenengo lana izango da «hiru alderdien programak mahai gainean jartzea, Lazkaoren onerako adostasunak lortzeko».













