Latxartegiko parkea garbitu dute Haztegiko DBHko ikasleek

Lurreko hondakinak eta zakarrontzietakoak bildu dituzte eta jasotakoa ikusgai utzi dute

Legazpiko Latxartegi parkea garbitu dute Haztegi Ikastolako DBHko gaztetxoek. Astebetean garbitu gabe egon eta gero, lurrean zein zaborrontzietan zeuden hondakinak jaso, eta alderatu egin dituzte. Behin lana amaituta, parkean bertan ikusgai ipini dute jasotakoa; astebetean han utziko dute legazpiarrak sentsibilizatu daitezen. Legazpiko Udalak orain lau bat urte ekin zion egitasmora batu dira aurten Haztegiko ikasleak. Ikastolan Aste Solidarioa ospatzen ari dira eta ekintzen artean kale garbiketa sartu dute. Atzo goizean ikasleen ordezkariek garbitu zuten Latxartegi eta arratsaldez Legazpiko beste hainbat puntu gorritan ikasle denak elkartu ziren garbiketa egiteko; Mirandaola, Urtatzazar, futbol zelaia eta jolas parkeak dira puntu gorriak. Xabier Arrondo kale garbitzailea etsita agertu zen: «Baliteke orain garbiketa egiten ari direnak arratsaldean kalea zikintzen egotea. Egoerak okerrera egin du, egunero garbiketa egiten ari garenok ondo dakigu». Gaztetxoek zorroak eta beste hondakinak lurrera botatzeko arrazoi nagusia «alferkeria» dela diote; «badakigu zer egin behar den baina ez dugu egiten, ohitura falta ere bada». Halako ekintzek gogoeta egiten laguntzen dietela gehitu du beste gaztetxo batek, «nahiz eta agian zaborrak lurrera botatzen» jarraituko duten.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa