Iñaki Lasaren familiari elkartasuna adierazi diote sindikatuek

Lasaren heriotza gaur egungo lan ereduari egotzi diote, eta horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak hartzeko deia egin dute.

Iñaki Lasa lazkaotar langilearen heriotza salatzeko kontzentrazioa Karobi industrialdearen sarreran.

Iñaki Lasa lazkaotar langilearen heriotza salatzeko kontzentrazioa Karobi industrialdearen sarreran.

Joan den astelehenean Olaberriko Ogei enpresan pieza batek azpian harrapatuta hil zen Iñaki Lasa lazkaotar langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian sindikatuek Karobi industrialdearen sarreran. ELAk eta LABek deitutako kontzentrazioa egin da batetik, eta CCOOk bere aldetik antolatu du. Hiru sindikatuek elkartasuna adierazi diete Lasaren familia, lankide eta gertukoei, eta lan istripuei aurre egiteko neurri zehatzak hartzeko deia egin dute. Arratsaldean, “Lan istripurik ez, lan baldintza duinak!” lelopean elkarretaratzea egingo dute Lazkaoko plazan 18:30ean, EH Bilduk deituta.
Andoni Larralde. ELA sindikatua “Aurten Hego Euskal Herrian 19 dira gutxienez beraien lanpostuetan hildako pertsonak, eta horietatik 5 azken hilabetean izan dira. Onartezina da hori, eta berehala neurriak hartzeko deia egiten dugu. Krisiaren aitzakian hartu diren murrizketa neurriek argi eta garbi eragin dute langileen lan baldintzetan, eta horrek eragina du ezbehar kopuruan” Oihana Lopetegi. LAB sindikatua “Lan istripu hauek ez dira isolatuak, lan eredu konkretu baten ondorio dira. Etekinak lehenesten dira lan baldintza eta gure bizitzaren gainetik, eta argi ikusten dugu lan erritmo azkarrek eta etekinak lehenesteak horrelako ondorio larriak dauzkatela. Sistema aldatu beharra dago; ez da nahikoa lan istripuak salatzea, neurria konkretuak hartu behar dira eta horrek sistema guztia aldatzea eskatzen du” Kerman Galartza. CCOO sindikatua “Administrazioari, Osalani eta enpresari kasu hau iker dezatela berriz ere horrelakorik gerta ez dadin. Eta langileei ere esan behar diegu kontuz ibiltzeko eta hartu behar dituzten segurtasun neurri guztiak hartzeko”.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa