Familiakoekin eta lagunekin elkartu da Ander Geresta, espetxetik irtenda
Gaur goizean gelditu da aske Ander Geresta Azurmendi (Gabiria, 1978) preso goierritarra Monterroxoko (Lugo, Galiza) kartzela atzean utzi ondoren. Frantzian eta Espainian, guztira, 16 urte egin ditu espetxean. Harrera beroa egin diote kanpoan zain zituen senide eta lagunek.
2000n atxilotu zuten Geresta Bordelen (Frantzia), Jendarmeekin tiroketa bat tarteko. Lehen epaiketa batean 12 urteko kartzela zigorra jarri zioten, baina kasua ikuskatu zuen beste epaitegi batek 16ra igo zuen zigorra.
Frantzian zigorra bete zuen urteetan hainbat arazo izan zituen presoak. Moulins-Yzeureko kartzelan pasa behar izaten zituzten miatze umiliagarriak zirela eta, gose eta egarri greba egiteko erabakia hartu zuen gabiriarrak. Protesta gogorraren ondorioz, ospitalera ere eraman zuten. Hainbat euskal erakundeetatik harremanetan jarri ziren kartzelako zuzendaritzarekin presoeganako tratua hobe zezaten eskatzeko; zuzendariak entzungor egin zuen.
2012ko maiatzean utzi zuten Auzitegi Nazional espainiarraren esku; kale erasoen akusaziopean egindako lehen entrega izan zen. Zigorra betetzeko Darocako (Zaragoza) kartzelan sartu zuten. 2012ko abenduan Idiazabalen ere izan zen, hainbat orduz jaio berria zen alaba bisitatzen. Handik bi urtera, berriz, iazko utzailean, dispertsio politikaren ondorioz, Lugora urrundu zuten.














