Irribarria txapeldunorde geratu da, Victorren final perfektuan
Iker Irribarriak ezin izan du txapela janzteko moduko profesional hasiera uztai beltzarekin burutu. Bigarren Mailako Banakako Pilota Txapelketaren finala 22 eta 17 galdu du, Victor Esteban errioxarraren aurka. Tolosako Beotibarren, larunbatean, urdurit...
Martxoaren 22an debuta egin, eta 11 partida bakarrik jokatuta, bere lehen finala jokatu du Irribarriak. «Oso urduri hasi nintzen. Saiatu nintzen ahal nuena lasaitzen, botileroak [Igor Olabazal osaba] asko lagunduta. Baina Victorri ere dena ondo atera zitzaion», zioen atzo Irribarriak.
Markagailuan hiruna berdinduta egon ondoren, Victorrek 12-4raino ihes egin zuen. Gero, abantaila hori ondo kudeatzen asmatu zuen (13-7, 14-9, 17-10 eta 19-13). Aramarra lau tantora hurbildu zitzaion azken aldera (20-16), baina hortxe bukatu zen ametsa. Azkenean, 22 eta 17.
Positiboarekin geratu da
Finalak irabazteko direla esan ohi da, eta Irribarriari «pena» eman dio galtzeak. «Pena, ikaragarria. Izugarrizko ilusioarekin joan ginen, finala oso ondo prestatuta». Victor errioxarrari —hark ere lehen finala zuen— partida perfektua atera zitzaion, arlo guztietan. Irribarriak ere, estutzeko aukera izan zuenean, ez zuen bete-betean asmatu: «Aukerako pilota gutxi izan nituen, eta neuzkanetan ez nituen aprobetxatu».
Hala ere, edonork itsu-itsuan sinatzeko moduko txapelketa egin du, Promoziokoa. Maila gorenera iritsi da, eta goraino segi du. Dena kolpe bakarrean.
«Txapelketarekin gustura geratu naiz. Ailegatu, eta finalera faboritotzat sartu naiz. Finalean ere gauza positiboekin geratu behar da: 17 tanto egin nituen, eta txapela irabazteko aukera ere izan nuen azkenera. Gustura geratu naiz», dio Irribarriak, telefonoz, heldutasun harrigarriz.
Finalak urtero izango dira gero ere, eta Irribarria hasi besterik ez da egin. Hemeretzi urte uztailaren 4an beteko ditu.













