Ehunka lagun abiatu dira Goierritik Donostiara, erabakia ehuntzera
Donostian 60.000 lagun elkartzea espero dute Gure Esku Dago egitasmokoek.
Goierriko Hitza
Goierri
‘Gaurko hautetsontzia, biharko erabakia’ lelopean, aldarrikapen-festa egunak egingo dira gaur Euskal Herriko hiriburuetan. Orain urtebete Iruñea eta Durango batu zituen giza-katearen ondoren, Gure Esku Dagok erronka berria jarri du aurtengorako: erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak josi eta Euskal Herriko bost hiriburutara eramatea. Ametsez beteriko oihalak ehundu dituzte herrietan eta gaur guztiekin eguerdian oihal-kateak eta arratsaldean hautetsontzi erraldoiak egingo dituzte.
Guztira 15.500 metro oihal prestatu dituzte zazpi herrialdetan. Horietatik 300 eraman dituzte Goierritik Donostia. Oihal bakoitzak hogei lagunen mezuak jaso ditu.
Eskuz esku eta herriz herri jositako oihal zati guztiak, Urumea ibaiaren bueltan elkartuko dituzte eguerdian. Donostiako sei zubi nagusien inguruan antolatuko dira. Eskualdeka, zubi edo tarte bat bete beharko dute; Goierriri, Amarako Lehendakari Agirre zubia dagokio. Parte hartzaileei, 11:30erako bakoitza bere tokian egoteko deia egin diete antolatzaileek.
Oihal zati guztiak batuz, sei zubien artean oihal katea osatuko dute, 12:00etan. Orduerdi iraungo duen ekintza izango da. Segidan, hainbat musika kolektibok lagunduta, zubi bakoitzetik kalejiran joango dira denak, Anoeta aldera. Estadioko ateak 16:30ean zabalduko dituzte, eta ekitaldi nagusia, 17:30ean izango da. Festa luzatu nahi dutenek, 20:00etatik aurrera erromeria izango dute.
Estadioaren inguruko gunean ere, ekintza sorta antolatu dute. Egun osoan zehar, sagardo dastaketa, taloak, txekor errea eta bestelako jatekoak eta edatekoak izango dira. Miniestadio aldean, berriz, kontzertu maratoia egingo dute, goizaldeko ordubata arte. Besteak beste, Su Ta Gar, Glaukoma, Lain, Arkada Sozial, Ze esatek eta Skakeitan taldeak ariko dira bertan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.