Hasi da Anoetan Gure Esku Dagok antolatu duen ekitaldia
Iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen giza-katea gogora ekarrita, gaur hautetsontzi erraldoiak izango dira erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenaren irudi nagusia Gaurko hautentsontzia, biharko erabakia lelopean. Bertan dira ehunka goierritar ere, goizeko ekitaldiari jarraipena emateko.
Anoeta estadioa da Donostiako jaiaren gune nagusia, eta bertan 32.000 lagunentzako lekua egin dute. Goierritarrek margotutako oihalak ere bertan zintzilikatu dituzte, tartean, Beasainen oihalekin irudikatutako Euskal Herriko mapa. Ekitaldia 17:30etan hasi da, eta goizean sei zubietan zabaldu dituzten oihalekin hautetsontzi erraldoia osatuko dute. Horrela, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen oihal katea hautetsontzi bihurtuko da.
Aparteko ikuskizuna izango da Anoetakoa; sarrera erosi eta bertaratutako herritarrekin batera izan dira 3.000 antolatzaile, eta festa giroa sortzen arduratuko dira mila bat danborrari, dantzari, erraldoi eta bestelako parte hartzaile. Hautetsontzia osatu ondoren, mosaikoa osatuko dute harmailetan, horretarako ikusleek kartulinak erabilita.