Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak 14 euskal presoren senideak deitu ditu deklarazioa hartzera. Horietatik zazpi gaur pasa dira auzitegitik, eta tartean dira Lierni Armendariz, Xabier Makazaga eta Ainhoa Barbarin preso goierritarren senideak. Dagoeneko tragu txarra pasata, bazkaldu eta laster etxera bidean abiatuko dira.
Goizeko 10:00etan hasi dira deklaratzen, eta Satur Gonzalez de Langarika, Lierni Armendariz preso beasaindarraren ama izan da epailearen aurretik pasa den lehena. Fiskala galdera sorta batekin “mareatzen” saiatu bada ere, beraiek “egia esatera” joan direla azaldu dute, eta horrela egin dutela. “Abokatuen kontrako zerbait” bilatu nahi zutela ere azaldu du. Izan ere, hainbat abokaturen aurkako Mate operazioarekin lotu dute gaur deklaratzera joateko agindua.
Elkarretaratzeak
Abokatuen kontrako operazioa eta senideei pasa arazitako zigor bikoitza salatzeko, hainbat elkarretaratze deitu dituzte egun hauetarako. Gaur eguerdian, hainbat alderdik eta sindikatuk deituta, Donostian egin dute bilkura. Iluntzean berriz, Seguran eta Urretxuko Potros plazan elkartuko dira, 20:00etan. Ordizian berriz, bihar egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean, plaza nagusian.