Aitor Aldasoro alkate berriaren soldataren inguruan EH Bilduk egindako adierazpenei erantzuteko eta «herritarrak jakinaren gainean jarri eta auzia behin betiko itxita uzteko», prentsa oharra zabaldu du Beasaingo EAJk.

Leire Artola (ezkerrean) eta Aitor Aldasoro.
Aitor Aldasoro alkate berriaren soldataren inguruan EH Bilduk egindako adierazpenei erantzuteko eta «herritarrak jakinaren gainean jarri eta auzia behin betiko itxita uzteko», prentsa oharra zabaldu du Beasaingo EAJk. Besteak beste, EH Bilduk, EAJko alkatearen eta liberatutako zinegotziaren soldata %26an igo direla salatu du. EAJk argitu nahi izan duenez, soldatak finkatzerakoan «Euskal Funtzio Publikoaren Legeari jarraitu zaizkie, zeinak soldatak dedikazioaren, esklusibotasunaren eta erantzukizunaren arabera finkatzen dituen; Eudel bera ere lege honi lotzen zaio».
Hitzarmen horrek batzarkideen eta legebiltzarkideen soldatekin batera, udal teknikarienak eta langileena ere ezartzen dituela diote jeltzaleek: «Hauetan guztietan, EH Bilduk onartu eta babestu ere egin du soldatak finkatzeko aipatutako legea erabiltzea. Zergatik batzarkideak, legebiltzarkideak, udal teknikariak… bil daitezke hitzarmen honetara, EH Bilduk ondo irizten diona, eta ez udal bateko liberatu bat?».
Era berean, jeltzaleek nabarmendu dutenez, «soldatak zinegotziek udalean egingo duten lanari eta lanaldiari dagozkio, haien dedikazioa, esklusibotasuna eta erantzukizuna oinarri hartuta, eta hitzarmenak agintzen duenaren araberakoa izango da, edozein langilek dagokion hitzarmenaren arabera egiten duen modu berean».
Ekainaren 25eko udalbatzan onartu zuten bezala, alkatearen ordainsari gordina, urtean, 67.087, 03 eurokoa da; 4.791,93 euro hilabetean. Lehen Alkateordeak, Leire Artolak, urtean, 53.669,62 euroko soldata gordina jasoko du; 3.833,54 euro hilabetero. Aurreko legealdian Koldo Agirrek 58.838,02 euro kobratu zituen eta Aitor Larburuk 37.062,20 euro. Gordinak horiek ere.