Lierni Armendarizen, Xabier Makazagaren eta Ainhoa Barbarinen senideak Auzitegi Nazionalera deitu dituzte lekuko gisa. Ez dituzte zitazioaren arrazoiak ezagutzen.

Senideak elkartearen elkarretaratzea.
Beste hamaika euskal presoren seniderekin batera, Beasaingo Lierni Armendarizen ama, Xabier Makazagaren arreba eta Urretxuko Ainhoa Barbarinen ahizpa Madrilen dira gaur. Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu beharko dute lekuko gisa. Gaur 10:00etan dira deklaratzen hastekoak.
Goizean goiz, 03:30ean, abiatu dira Goierritik autobusean deklaratzera deitutako senideak. Goierritar ugari joan da beraiekin elkartasuna eta babesa erakustera. Armendarizen amak, Satur Gonzalez de Langarikak Goierriko Hitzari adierazi dioenez, ez dakite zertara doazen, ez dakite zeren lekuko gisa doazen. «Jasotako zitazioan lekuko gisa deklaratzera joateko agindua besterik ez du jartzen».
Aurretik ere, apirilean, jaso zuten antzeko beste zitazio bat, Donostiako Intxaurrondoko kuartelera joatekoa. Orduan 127 senide izan ziren lekuko gisara deklaratzera deituak. Ez joatea erabaki zuten orduan senideek. Oraingoan, hamalau dira, «eta joaten ez bagara isuna ordaindu beharko dugula esaten zaigu», diote.
Abokatuen aurka
Senideek ez dakite zeren lekuko gisa deklaratu behar duten; baina badute susmo bat. Etxerateko abokatuen arabera, urtarrilean presoen abokatuen aurka izandako Mate operazioaren barruan kokatu dituzte lekukotza deklarazio horiek: «Senideen deklarazioak abokatuen aurkako akusaziotzat baliatzea da jomuga. Hori da susmatzen duguna. Senideak erabili nahi dituzte presoen aurka, eta presoek beraien defentsa egiteko konfiantzaz hautatu dituzten pertsonen aurka», diote Etxerateko kideek.
Era berean, presoen senideak jasaten ari diren jazarpena salatu nahi izan dute: «Senide izatea ez da delitua, ezta jazarpenerako arrazoi ere. Lehen ere kilometro gutxi egiten ditugu bidaietan eta bat gehiago eginarazi digute», diote senideek. Baina Madrilera joan beharra baino larriagoa iruditzen zaie, guzti honekin asistentzia juridikoa zailtzea lortu nahi dutela. «Zerbait larriagoaz ari gara hitz egiten: defentsa juridikoaren eskubideaz».
Elkarretaratzeak
Aski da! esateko, presoen defentsarako eskubidea aldarrikatzeko eta senideei babesa adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte gaur eta bihar: «Senideek euren defentsarako aukeratu dituzten pertsonak epaitu nahi dira eta zentzugabekeria hori herritarrek gera dezakete». Gaur, 12:00etan, Donostiako Probintzi Epaitegiaren aurrean elkarretaratze nazionala deitu dute. EH Bildu, Sortu eta Alternatiba alderdi politikoek, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, eta EHE (Euskal Herrian Euskaraz) eta Joxemi Zumalabe fundazioak daude deitzaileen artean.
Goierrin ere deitu dituzte elkarretaratzeak. Urretxun gaur egingo dute Potros plazan, 20:00etan. Seguran..—————– Ordizian, bihar egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean, Plaza Nagusian.