Ordiziako I. Atletismo Sari Nagusia-Jose Antonio Peñaren Oroimenezko mitinak ezarritako helburuak bete dituela esan daiteke. 150 atletatik gora elkartu zituen, bereb markak ontzea lortu zuten hainbat atletek eta Gipuzkoako atletismoak zuen zor bat kitatzea ere lortu zuen, 11 urte baitziren maila honetako probarik jokatzen ez zela herrialdean. Eta harmailak erabat bete ez baziren ere, jende mordoxka bat inguratu zen larunbatean Altamira estadiora. Hamabi atletek, gainera, IAAFren (Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkartea) taularen 1.000 puntuko langa gainditzea lortu zuten, eta horrek mitinera inguratutako atleten maila erakusten du.
«Oraindik balorazio ofizialik ez dugu egin, baina ona dela esango nuke lehen edizioa dela kontuan hartuta. Jendeari atletismoa ezagutzera ematea eta jendea Altamirara gerturatzea ere gure helburuen artean zegoen, eta neurri batean lortu dugu hori», zehaztu du Jon Etxeberria Txindoki-Jaso Atletismo taldeko kideak. Etxeberriaren esanetan, 100 metroko finalaurrekoan «atleta askok marka pertsonala» ondu zuten, eta 1.500 metrokoan 9-10 atletek 3:50:00tik jaistea lortu zuten. «Errepikatzeko moduko mitina dela uste dugu».
Goierritarrak txukun
Abiadura probak dira horrelako mitinetan ikusmin gehien pizten dutenak. 100 metrokoan, Octavian Mihail Romanescu Txindoki taldeko beasaindarrak 10.55eko denbora egin zuen, hirugarren postua lortuz. Proba hori Jonathan Okeudo nigeriarrak irabazi zuen (10:34).
Alazne Furundarena ordiziarrak bigarren egin zuen 200 metrokoan 24.24ko denborarekin (1.013 puntu), eta bere errekor pertsonaletik hamarren batera gelditu. Proba Alba Fernandez nafarrak (24.19) irabazi zuen. Furundarena herenegun Durangon beste mitin batean aritu zen, eta 100 metroko Gipuzkoako errekorra ondu zuen, 11.75eko denborarekin.
Pisuan, Txindokiko Gari Garmendiak 16.86 metroko jaurtiketa egin zuen, eta Ane Torresek (13.80), Nora Tobar (10.30) eta Eider Carrionek (8.83) ere lan txukuna egin zuten. Espainiako txapeldun Ursula Ruizek, berriz, 17.21eko jaurtiketa egin zuen, 1.006 puntu eskuratuz.
Iraupen erdiko 1.500 proban Chakib Lachgarrek (Reala) Gipuzkoako lizentzia batekin sekula lortu den markarik onena egin zuen: 3:45:17. Eneko Agirrezabal segurarrak 13. bukatu zuen, 3:58:56eko denborarekin. 5.000 metrokoan, Alex Oiarbide 10. sailkatu zen (15:47:20).
Omenaldi hunkigarria
Proba esanguratsuak abiatu aurretik, Jose Antonio Peña zenari omenaldia egin zioten. Txindoki klubeko kideek aurreskua dantzatu eta gero, Patxi Peñak Jose Antonioren anaiak Euskadiko Atletismo Federazioaren eta Txindokiren oroigarriak jaso zituen, Juan Jose Jurio eta Gotzon Auzmendiren eskutik, hurrenez hurren. Gipuzkoako eta Espainiako federazioko ordezkariak, eta udalekoak ere izan ziren.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.