Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleta martxa egin dute Legazpin
Xabier Ortiz de Luzuriaga bizikleta martxaren 21. edizioa egin dute gaur Legazpin. 212 lagunek parte hartu dute. Txirrindulariek 36 kilometroko luzera eta 1.300 metroko desnibela duen mendi ibilaldia egin dute. Lehen partaideak 11:30 inguruan iritsi dira helmugara. Guztientzako pintxoak eta edariak izan dira, baita paella ere. Bizikleta martxan parte hartzen ez dutenek ere izan dute paella jateko aukera, han bertan txartela erosita. Kamiseten banaketa eta oparien zozketa ere egin da ibilaldia amaitzean, eta musika ere izan da tarte batean, Xabier Ortiz de Luzuriaga zenaren kuadrillakoek zuzenean jo baitituzte abesti batzuk.
Mendi bizikleta martxa hau hurrengo asteburuan ospatuko diren Hegialdeko jaien atarikoa da, eta giro paregabea jarri du auzoan. Arratsaldean ere hainbat ekitaldi izango dira: 16:00etan mus txapelketa jokatuko da Insausti tabernan eta 17:00etatik 22:00etara Prehegis disko festa ospatuko dute Laubide jatetxean Woolen musika jartzailearekin.













