Txaloren berria Lazkaon bihar
Euskal antzerki konpainiak '100 metro koadro' aurkeztuko du. Maizpideren Udako Ikastaroetako bigarren ekitaldia da. Drama ukituko komedia da, 2007an eginaIazko abuztuan estreinatutako komediazko antzerkia egingo du Txalo konpainiak, bihar, Lazkaon: 100...
Euskal antzerki konpainiak ‘100 metro koadro’ aurkeztuko du. Maizpideren Udako Ikastaroetako bigarren ekitaldia da. Drama ukituko komedia da, 2007an egina
Iazko abuztuan estreinatutako komediazko antzerkia egingo du Txalo konpainiak, bihar, Lazkaon: 100 metro koadro. Juan Carlos Rubiok 2007an idatzitako obra da, 2010ean estreinatua agertokietan. Euskarazko bertsioarekin urtebete darama Txalok, eta aurtengo denboraldian erabiliko dute, herriz herri.Iñake Irastortza, Ana Elordi eta Ramon Agirre dira aktoreak 100 metro koadro-n. Izenak iguriki dezakeen moduan, egunkari batean ikusitako iragarkitik tiraka osatu zuen historia Rubiok. Pisu bat salgai dago, «bizilagun» batekin, hiriko eremu «on» batean. Sara erostunari egokia iruditu zaio etxea, prezioa, ingurua, ikuspegiak… Baina «enbarazu txiki» bat du, hil arte bertan bizi nahi baitu jabeak, heriotza hurbil duen emakumea. Ukitu dramatikodun komedia da emaitza.
Lazkaoko emankizuna Maizpide euskaltegiak antolatu du. Bihar, asteazkena, 22:00etan da antzerkia, plazan. Udako Ikastaroetako kultura-egitarauko bigarren saioa da, aurreko asteazkenean Goierriko bertsolari gazteen saioarekin hasi ondoren. Uztailaren 16an Goierriko Erromeria Birako dantzaldia izango da, 22:00etan, Oin-Arinekin eta Drindotsekin.
Goierrin 2011n egin zuten
Juan Carlos Rubio antzerkigile andaluziarraren 100 metro koadro bigarren aldiz ikusi ahalko da Goierrin; euskaraz, lehenengo aldiz. 2011ko martxoan Beasaingo Usurbe antzokian egin zuten gaztelaniazko bertsioa, Ordiziako eta Beasaingo Antzerki Garaia zikloan. Maria Luisa Merlo, Miriam Diaz Aroca eta Jorge Roelas aktore espainiarrak ziren antzezle.
Euskarazko antzezpenaren zuzendaria Begoña Bilbao da, eta Aitziber Garmendiak euskaratu du. Azken hamar urteotan, Txalok hutsik gabe egin izan ditu Goierrin konpainiaren urteko estreinaldiak. Bihar, Lazkaon ikusi ahalko da azkenetako bat.













